'Homecoming' filmeko irudi bat (Debolex)
Gaur hasiko dute Surfilm Zarautz surfari lotutako filmen jaialdia.
Abentura berri bateruntz itsasoratzen lelopean, 11. Surfilmfestibala herrira iritsiko da, eta luxuzko luzemetraiez gozatzeko aukera izango da Modelon bi egunetan.
Slow dance-ekin emango diote hasiera, gaur. 30 minutuko film hori lehenbizikoz emango dute Europako agertoki batean eta horretarako Craig Anderson eta Dane Reynolds, lanaren protagonista eta zuzendaria bertan izango dira filma aurkezten. Anderson surflarian oinarritutako lana da, eta hark bizitza eta surfa nola ulertzen dituen kontatzen du. Efektu berezi ikusgarridun irudiak Australia, Txile, India, Tahiti eta mendebaldeko Afrikan grabatu dituzte. 21:30ean eta 22:30ean emango dute, bi emanalditan.
Bihar 20:30etik aurrera
Homecoming estreinatuko dute, Debolex ekoiztetxe zarauztarrak burututako filma. Nathan Oldfield surflariak bere arbasoen sorterrira, Euskal Herrira egindako bidaia batean izandako sentsazioa deskribatzen du: etxera itzuli deneko sentipena. Ondoren, Oldfield berak sortutako
The heart & the sea izango da ikusgai. Horren zati handi bat, hain zuzen, Euskal Herrira bidaitu zuenean grabatu zuen. Lan horren asmoa Euskal kostaldeko olatu eta leku ederrenak erakustea da.
Zarauztarrak protagonista
Saioa borobiltzeko, zarauztarrak protagonistatzat dituzten laburmetraiak emango dituzte, 22:30etik aurrera.
Entre 2 mares emango dute lehenbizi, Indar Unanue zarauztarrak argazki zahar bat ikusi ondoren, aita bisitatu eta Formenteran igarotako haurtzaroa gogoratzeko egindako bidaian oinarritutako lana. Javi Muñoz
Pacotwo-k egin du.
Ondoren, Iñigo Kintana eta Mikel Yarzak osatutako
El gran lunes ikusteko aukera izango da. Axi Muniain zarauztarrak denbora luzez itxarondako itsaski handia Portugalera iritsiko da, eta olatu handiaren bila egindako nondik norakoak jasotzen ditu lan horrek.
Zarautz eta Hossegor arteko 99 kilometroko bidaia 10 minututan kontatu du Imanol Sorazu herritarrak
99km film laburrean, eta hori ere ikusgai izango da. Amaitzeko, Taylor Steelen
This time tomorrow eskainiko dute, zortzi egunez eta 18.000 miliatan zehar Dave Rastovich eta Craig Anderson surflariek itsaski baten atzetik egindako bidaia.
Sarrera bakoitzak bost euro kostako du eta
www.kutxasarrerak.net atarian daude salgai.
Informazio gehiago lortu daiteke
www.surfilmfestibal.com webgunean.