Udako Espainiako Absolutuen Igeriketa Txapelketa jokatuko da Las Palmasen, CN Metropole igerilekuan, bihar hasi eta larunbatera bitartean. Azpeitiko Izarraitz Igeri Elkarteko hiru igerilarik han parte hartuko dute, aurrez egindako emaitzekin lortutako aukerari esker. Azpeitiko igeri elkarteko Ainhoa Goenaga (1997), Jon Aizpuru (1998) eta Oihana Goenaga (1999) izango dira Espainiakoan parte hartuko dutenak.
Oihana Goenaga Espainiako igeri txapelketan urrezko domina lortuta (Izarraitz IE)
Uztailean jokatutako Udako Espainiako juniorretako eta infantiletako txapelketetan Izarraitzeko hiru igerilari hauek dominak lortu zituzten; Oihana Goenagak, esaterako, urrezko domina lortu zuen. Izarraitz Igeri Elkartekoak orain ere emaitza onak lortuko dituztelakoan daude, «oraingo txapelketan ere emaitza onak izaten ahaleginduko direla ziur gaude», esan dute elkartekoek.
Espainiako Absolutuen Igeri Txapelketan honako bakarkako probetan hartuko dute parte: Ainhoa Goenagak, 50 metro bizkarrean eta 100 metro bizkarrean; Jon Aizpuruk, 200 metro bularrean; eta, Oihana Goenagak, 50 metro librean eta 100 metro librean. Horiez gain, bi neskek, erreleboko bi probatan ere ariko dira.