Corrugados Lasaon gaur kaleratuko dituzte 38 langile

Nerea Uranga 2013ko abuztuaren 7a

Corrugados Lasaon 68 langileetatik 38 gaur kaleratuko ditu Alfonso Gallardo Taldeak, hala jakinarazi du Imanol Larrañaga Enpresa Batzordeko lehendakariak. Atzo arratsaldean bilera izan zuten Lasaoko lantegian eta nagusiek kaleratu asmo dituzten 38 langileak gaur bertan kaleratuko dituztela azaldu die, kaleratuko dituztenen zerrenda aurkeztuta. "Lotsagarria da, formak lotsagarriak dira. Langileen erdiak oporretan daude eta hemendik kanpo, bihar burofax bat bidaliko diete kaleratuta daudela esanez", azaldu du langileen ordezkariak. Lasaoko lantegiaren etorkizuna "oso beltza" ikusten dutela adierazi du, "panorama izugarri txarra da, hiru hilabetean ekoizteko materialik ez digute bidali, eta lantegiko komertzialak azaldu digunez, hilean 7.000 tona saltzeko aukera izan dugu". Orain langile asko oporretan direla eta denak elkartu artean itxoin beharko dutela esan du Enpresa Batzordearen ordezkariak, baina geldirik egoteko asmorik ez dute, "ikusiko dugu nola, baina hau ezin da onartu".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide