Corrugados Azpeitia itxi dute, langile guztiak kaleratuta

Nerea Uranga 2013ko abuztuaren 6a

Corrugados Azpeitiatik langile denak kaleratu dituzte (Nerea Uranga) Atzo eguerdiko 13:00etan etxafuegoak bota zituzten Corrugados Azpeitiako langileek, herriari lantegiaren itxiera iragarriz. Alfonso Gallardo Taldeak Corrugados Azpeitia lantegian gelditzen ziren azken langileei atzo eman zien kaleratze agiria:«Denok kaleratuta gaude eta horregatik bota ditugu etxafuegoak», esan zuen Esteban Kanpos Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko kideak. Kaleratzeak hasi aurretik 300 langile zituen Azpeitiko enpresak. Gallardo Taldeak joan den hilaren bukaerarako langile denak kaleratuko zituela iragarri zien Enpresa Batzordeko kideei. Baina, atzo arte azken 40 langileek kaleratze gutunik ez zuten jaso. Dena den, langileek espero zuten aurki aste honetan bertan kaleratuko zituztela. Langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espendientearen gaineko epaiketaren data ere jakin dute langileek: datorren urriaren 29an izango da, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Erregulazio txosten horrek Corrugados Azpeitiako eta Corrugados Lasaoko langileei eragiten die, Azpeitiko lantegitik behargin denak kaleratuz eta Lasaokotik 68tik 38 langile kanporatuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide