Kukañan aritzeko aukera izango da ostegunean eta hilaren 22an, moilan (Amaia Ventas/Hitza)
"Zarauztarrok ia ahaztuta dugun irudia" berreskuratuko dute ostegunean eta hilaren 22an, moilan. Izan ere, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak ur jolasak antolatu ditu egun horietarako; tartean, «hain maitea dugun» kukaña. Joko hori ohikoa izango dela nabarmendu dute ZAEkoek. «Lehiakide bakoitzak moila ertzetik hasi eta koipez estalitako enborraren gainetik oinez joan beharko dute puntara, bertan iltzatuta egongo den banderatxoa eskuekin hartzeko». Bandera gehien hartze dituen parte-hartzaileak irabaziko du jokoa. Kopuruaren arabera, lehiakide bakoitzak hiru aukera-edo izango ditu bandera lortzeko.
Moilan bertan eman ahalko da izena parte hartzeko. Jakinarazi dute edonork hartu ahalko duela parte jokoan; baldintza bakarra bete beharko da: 18 urte baino gutxiago izatea.
Kukañaz gain, tranpolinetik jauzi egin ahalko da baita ere. Joko horretan, berriz, trebetasuna sarituko dute: txiribuelta ikusgarriak egitea, murkil asko ez zipriztintzea eta ur asko harrotzea, besteak beste.
Parte-hartzaile guztiek jasoko dute oroigarria; jauzilari eta kukañan iaioenek sari bereziak eskuratuko dituzte. Segurtasuna bermatzeko, Gurutze Gorriak zainduko du moila hilaren 8an eta 22an.
Batelak, Zarauzko moilan (A.V./Hitza)
Arraunlari zarauztarrek «lan handia» egin dute ekitaldi hori antolatzeko. «Udal biltegira joan ginen kukaña han zegoela ziurtatzera. Bertan zegoen, baina egoera tamalgarrian. Hamaika urtean brigadaren lokalean egonda erabat usteldu zen enbor maitea». Horrek balio ez ziela eta, beste enbor baten bila hasi ziren orduan. Baleko bat topatu zuten, sei metrokoa, baina behin moilan laburregia zela konturatu ziren. «Furgoneta eta atoia hartu, eta Goierriko maldetan aurkitu genuen hamar metro baino gehiagoko enbor preziatua», azaldu dute ZAEkoek.
Hura txukundu egin behar izan zuten gerora: ertzak kamustu, erabat lixatu, eta «ukendu sekretuekin» igurtzi, esaterako. Behin hori eginda, moilako lurrean zuloak egin eta finkatze sistema berria jarri ostean, 6-8 lagunek bere lekuan kokatu zuten.
Hilaren 22an izango da kukañaz gozatzeko beste aukera bat. Ordura arte kendu egingo dute kukaña moilatik, segurtasun eta ardura kontuak direla eta.
Zarauzko estropadak
Kukañaz eta ur jolasez gain, moila biziberritzeko beste hainbat ekitaldi antolatu du ZAEk. Hain zuzen, abuztuaren 15ean, 17an eta 18an izango dira emakumezkoen zein gizonezkoen Zarauzko estropadak. Lehenbiziko jardunaldian, Amabirjinaren egunean, KAE Ligako zein Gipuzkoako Ligako estropadak jokatuko dituzte, eta Zarauzko bi traineruk hartuko dute parte.
Abuztuaren 17an zein 18an, berriz, egingo dituzte Euskotren eta San Miguel ligetako probak. Hiru estropadak EITBk emango ditu. Zarauzko Udalari eta Turismo Bulegoari eskerrak eman dizkie, aurten ere Zarauzko Estropadak bi egunetan izan daitezen egindako ahaleginagatik.
Egun horietan ZAEko beteranoek dendatxoa jarriko dute elkarteko materiala saltzeko. Horrez gain, zozketa «bitxia» ere egingo dute: munduko edozein tokitara joan-etorria egiteko hiru hegaldi zozkatuko dituzte, ZAEren babeesle berriaren, Turkish Airlines konpainiaren eskutik. Hegaldiak Istambuletik aterako dira, eta hortik 200 leku baino gehiagoren artean aukeratu ahalko dute irabazleak helmuga. Bigarren saria eskuratzen duenak Turkiako edozein tokitara joan-etorria egin ahalko du. Hilaren 18an izango da zozketa moilan, estropadak amaitu eta gero.
Bestalde, Koadrila Arteko Batel Txapelketako ontziak alokatu ahalko dira udan, berrikuntza gisa. Lau ontziak ordubetez erabili ahal izango dituzte 16 urtetik gorakoek—18 urtetik beherakoek gurasoen baimena sinatuta aurkeztu beharko dute—. Segurtasuna bermatzeko, telefonoa zein sokak eraman beharko dituzte erabiltzaileek, eta arraunean ez dakitenei gomendioak emango dizkie Kike Unzurrunzaga ZAEko zuzendaritzako kide ohiak.
Beti ere, itsasgora denean erabili ahalko dira, eta gehienez lau kidek joan ahalko dute batel bakoitzean. ZAEko kideek 10 euro ordaindu beharko dute, zarauztarrek 15 euro, eta gainontzekoek 25 euro. 636-85 11 38 telefonora deitu beharko da eskaera egiteko.
Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek
www.zarautzarraun.com webgunea bisitatu dezakete.