Espainiako lehenbiziko entrenatzailea da Aitor Francesena Gallo, eta Europako lehenbizitakoa. Esperientzia soberan du. Aspaldi eskatu zioten surfeko teknikaren inguruko zerbait kaleratzeko, baina beti denbora falta izan zaio horretarako. Duela urtebete ikusmena galdu zuen, eta gauzak egiteari utzi ez badio ere, denbora libre gehiago dauka orain. Hori dela eta,
Las olas contadas kaleratu berri du, Hugo Sanchez surflariarekin, eta «talde polit baten» laguntzarekin. Gaztelaniaz dago, baina euskaraz ere argitaratzeko asmoa dauka. 1.000 ale atera dituzte eta dagoeneko 300 bat saldu.
Nondik sortu da proiektua?
Espainiako Surf Selekzioaz arduratzen naiz ni, eta Europako txapelketa batean lanean nenbilela, nik egindakoak artxibatzeko mutil baten laguntza izan nuen. Hala ezagutu nuen Hugo Sanchez valentziarra. Mutil jatorra eta langilea iruditu zitzaidan. Gerora, Galiziako enpresa batek lan bat egiteko eskatu zidan, hain zuzen, zortzi urtetik hasi eta goiko mailako surflarientzat entrenamentu fisikoak prestatzeko. Ordurako ikusmena galdua nuen, eta, ondorioz, idazteko arazoak nituen. Orduan proiektu hori egiteko Sanchezi laguntza eskatu nion. Nik telefonoz azalpenak ematen nizkion, eta hark paperean idazten zituen. Oso gustura geratu zen Galiziako enpresa hori, baita gu ere. Hori dela eta, elkarrekin liburu bat idaztea otu zitzaigun. Bueltak ematen hasi, eta ikusi nuen posible zela, eta aurrera jarraitu genuen. Forma ematen hasi ginen, eta bide horretan ideia berriak bururatu zitzaizkigun. Liburua hasiera batean oso teknikoa izango zela pentsatu genuen, baina oso astuna izan zitekeela eta, ukitu arinagoa ematea erabaki genuen gerora. Horretarako pertsonaia bat sortu genuen. Hala, azalpen teknikoak emateaz gain, bere esperientziak ere kontatu ditu.
Hugo Frantzesena da pertsonaia hori. Fikziozkoa da, baina badu errealitatetik zerbait, ezta?
Bai, ez genuen protagonista Aitor Frantzesena edo Hugo Sanchez izatea nahi. Orduan bion arteko zerbait sortu genuen: Hugo Frantzesena. Niri norbaitekin lan bat egitekotan, erdibana egitea gustatzen baitzait. Eta hala da Hugo Frantzesena, bion arteko pertsonaia. Valentzian jaio zen, baina bere gurasoak irakasleak zirela-eta, Zarautzera etorri ziren bizitzera oso gaztea zela. Txikitan bere aitarekin itsasora joan ohi zen txalupan, eta olatuak arroken gainean jotzen zutenean flipatu egiten zuen. Bere osaba Ameriketara joan zen, eta handik patinetea eta surf aldizkari bat ekarri zizkion. Orduan denak emanda hasi zen surfa praktikatzen. Euskadiko surflari onenetarikoa bihurtu zen hala, gero Espainiakoa, Europakoa, nazioartekoa... Urteak pasata, ordea, etxera itzuli nahi zuela konturatu zen, lasai egotera. Soin Hezkuntzako ikasketak egiten zituen orduan Gasteizen, eta surf eskola bat ireki eta ikastaroak ematen hasi zen Zarautzen. Liburua idatzi zuen gero, bere hasierako esperientziak kontatzeko. Anekdotak kontatzeaz gain, azalpen teknikoak ere ematen ditu bertan. Esaterako, segurtasunaz hitz egitean, berari gertatutakoak azaltzen ditu, erabiltzaileak arazo horiek edota sustorik izan ez ditzan. Graziarekin kontatzen du hori guztia. Eta jendeak eskertu du, oso gustura geratu da emaitzarekin.
Zergatik aukeratu duzue izenburu hori?
Hainbat arrazoi du. Alde batetik, zenbat eta olatu gehiago hartu, geroz eta surflari abilagoa bihurtzen zara; esperientzia handiagoa duzu, gehiago ikasten duzu. Bestetik, uretatik irteten zarenean, nola jardun duzun kontatzen diozu lagunei, nolako olatuak hartu dituzun, zer moduz moldatu zaren, nola sentitu zaren... Bestalde, hitz jokoa ere bada. Gaztelaniazko tienes las horas contadas esamoldearekin lotura du.
Zergatik kaleratu duzue orain?
Aspaldi eskatu zidaten goi mailako surfaren inguruko lan tekniko bat kaleratzeko, baina beti denbora falta izan zait horretarako. Iaz erabat itsu geratu nintzen, uztailaren 24an, zehazki. Ez dut ikusten, eta horregatik ezin dut lehen egiten nituen hainbat gauza egin. Ahalegina egiten dut gauzak egiteari ez uzteko, baina teorian lehen baino denbora libre gehiago daukat orain. Horregatik, orain da une egokia liburua kaleratzeko.
Nori dago zuzenduta?
Surfa egiten ikasi nahi duen edonori zuzenduta dago. 14 urteko haur batetik hasi, eta 60 urte bitartekoentzat. Hala ere, surfa ikasi nahi ez dutenek ere irakur dezakete, pasadizo dibertigarri ugari kontatu baititugu bertan. Hain justu, herrialde osoko jendeak irakur dezake, ez kostan bizi denak soilik. Barrualdean bizi denak itsasoa nolakoa den ulertzeko balio du. Oso irakurterraza da. Liburua osatzeko hainbat kolaboratzaile izan duzue Sanchezek eta zuk. Bai, talde polita osatu dugu. Nik ideia izan nuen, eta Hugo Frantzesena sortu genuen haren esperientziak eta jakindura ezagutzera emateko. Hark bista badu baina ez da gai idazteko, ez da oso ona. Ildo horretatik, Hugo Sanchezek hartu du ardura hori. Alex Sanchezek egin ditu marrazkiak, Elena Erias kazetariak alde narratiboa landu du, eta Consuelo Carrerek, berriz, idazketaren alderdi teknikoa. Carrere nire literatura irakaslea izan zen. Liburua idazten hasi ginenean hark egiten zituen zuzenketak,eta azkenean proiektuko kide izaten bukatu du hala. Maketatzaile on baten laguntza ere izan dugu, Hector Artilesena. Talde polita osatu dugu, eta horregatik izan du emaitza ederra eta kalitatezkoa.
Hitzaurrea ere kalitatezko surflari batek idatzi du; Aritz Aranburuk, hain zuzen.
Bai, izugarrizko ilusioa egin dit, gainera. Oso polita da idatzi duena; asko emozionatu nau hori pentsatzen duela jakiteak. Aranburu niretzat semea bezala da, eta asko eman diogu elkarri. Europako hiru surflari soilik iritsi dira bera iritsi den lekura. Oso zaila da, eta hori guztia gogor lan egin duelako lortu du. Horregatik balio handia du niretzat liburuaren hasieran idatzi duenak.
Beste liburu bat idazteko moduko taldea osatu duzue, orduan.
Bai, bai. Hain zuzen, beste bat egiteko asmoa daukagu. Hau lehenbiziko liburua da, eta datorren udako bigarrena kaleratu nahi dugu.
Las olas contadas-ek surfeko lehenbiziko pausoak jasotzen ditu. Hor jasotzen direnak ikasten dituenak surfeko oinarrizko ezaguerak izango ditu. Oinarrizkoa da, baina aldi berean, osoa. Metodologia, psikologia, alderdi fisikoa, elikadura, segurtasuna, materiala, surfeko olen osagarriak eta hondartzaren interpretazioa... Guztia jasotzen du, oso argi azalduta eta marrazkiekin lagunduta.
Zer jasoko du bigarren liburuak?
Lehenbizikoak surfean ongi hasteko ezaugarri eta pauso guztiak jasotzen ditu. Bigarrengoa profesionalagoa izango da; teknika guztia pausoz pauso azalduko dugu bertan, taktika, txapelketetarako psikologia, nola egin hainbat mugimendu, besteak beste. Urri inguruan hasiko gara hori lantzen. Orain Azoreetara (Portugal) bidaiatu behar dut txapelketa batzuk direla medio, eta itzultzen naizenean murgilduko naiz proiektu berrian buru-belarri. Dagoeneko ideiak baditut, eta narratibak joko handia emango duela uste dut.
Non jarri duzue salgai Las olas contadas liburua?
Pukas dendetan eta surf eskoletan. Hura da liburuaren babeslea. Era berean, Interneten ere eskuragarri dago liburua,
http://www.lasolascontadas.com atarian.