Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igande iluntzean auto batek su hartu zuen Aian Zarauzko Kanpina eta Txurruka aterpetxea lotzen dituen errepidean eta auto gidaria ere erreta hil da. Aian A-8 autobidearen parean auto bat sutan zegoela esanez hots egin zuen herritar batek 20:55ak inguruan Ertzaintzara. Agenteak zehaztutako eremura bertaratu ziren eta Citroen Xsara autoa eta ondoan pertsona baten gorpua biak erreta aurkitu zituzten.
Ertzaintzatik jakinarazi dutenez, lehen ikerketen arabera autoa Zarauzko Kanpina eta Txurruka aterpetxea arteko errepidetik atera zen eta su hartu zuen ondoren. Dena dela, hilotza Donostiara eraman zuten auzitegiko medikuek autopsia egin eta heriotzaren kausa zein izan den determinatu dezaten. Oraingoz ez dira ezbeharraren xehetasunak ezagutzen, horregatik istripuaren inguruko informazio eman dezaketen lekuko bila dabil Ertzaintza. Gertatutakoaren berri eman dezaketen herritarrek 943-539119 telefono zenbakira hots egin dezakete.