Egitaraua
Abuztuak 2, ostirala
- European Basque Orchestra. Luis Fracaren omenaldi kontzertua eskainiko du orkestrak. 22:00etan, parrokian.
Abuztuak 9, ostirala
- Josu Okiñena. Piano kontzertua; Johann Sebastian Bach, Aita Donostia eta Manuel de Fallaren piezak. 22:00etan, Santa Maria Real parrokian.
Abuztuak 23, ostirala
- Kaabestri Ensemble. Hari eta perkusio taldea. 22:00etan, Santa Maria Real parrokian.
Josu Okiñena piano-jotzaile donostiarrak abuztuaren 9an joko du parrokian (Argazkia: Unai P. Azaldegi)
Zarauzko Udako Musikaldiak zilarrezko ezteiak betetzen ditu aurten, eta ospakizun handirik antolatu gabe, baina urteroko ildoari fidel, maila handiko kamerako musika izango da abuztuan zehar. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Zarauzko Udalsk elkarlanean antolatutako jaialdi hau aukera paregabea dira euskal interpreteek euren lana aditzera emateko, baita herriko musikazaleek musika bertatik bertara gozatzeko ere. Hiru kontzertu egitarautu dituzte hileko hiru ostiraletan, EBO 2016-European Basque Orchestra 2016 orkestraren eskutik.
Euskal Herriko hainbat musika eskoletako, kontserbatorioetako eta Donostiako Musikeneko ikasle eta irakasle gazteek osatzen dute EBO 2016, Antonio Lajara zuzendaritzapean. Gaur gauean Luis Fraca musikagilearen omenezko emanaldia eskainiko dute,
Concierto Juvenil op. 3 en La menor eta
Concierto para piano y orquesta op. 26 piezak joz. Tartean, Ainhoa Garaiar Urdangarin 17 urteko zarauztarrak izango da.
Fraca zaragozarra da jaiotzez, baina lotura estua du Zarautzekin, bertan hasi zituen musika-ikasketak, Javier Goikoetxearekin eta Barbara Arangurenekin. Zarauzko Udal Bandan ere aritu zen, klarinete-jotzaile gisa. Donostiako Kontsebatorioan ikasi zuen, eta ondoren Madrilen sakondu zituen ikasketak. Bandako zuzendari gisa batetik bestera ibili ondoren, 1989an hartu zuen erretiroa gorreriak jota. Harrezkero, Andoain, Ainzon, Tenerife eta Zarautz artean bizi da.
Piano kontzertua
Astebetera, Josu Okiñena piano-jotzaile donostiarraren txanda izango da. Egun Musikeneko ikerketa koordinatzailea da, Valladolideko Unibertsitatean doktorea. Nazioarteko areto eta jaialdi ospetsuenetan jo du, baita kongresuetan parte hartu ere. Gaur zortzi, ordea, Zarautzen ikus-entzuteko parada izango da.
Kontzertua bi zatitan banatuko du Okiñenak. Alde batetik, Johann Sebastian bach konpositorearen
Partita n. 4 en re mayor BWV 828 lana joko du. Bestetik, Aita Donostiaren hainbat pieza –
Izketan,
Oyanian,
Malkoak eta
Errotazuri’ko Urretxindorra, esaterako– eta Manuel de Fallaren
Fantasia Betica ekarriko ditu.
Musika jaialdiko hirugarren eta azken kontzertua Kaabestri Ensemble taldeak eskainiko du, abuztuaren 23an. Harizko eta perkusiozko taldea da, eta batik bat Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariek osatzen dute; eta haien artean Amaiur Cajaraville kontabaxu-jotzaile zarauztarra dago. Emanaldian, besteak beste, Jan Dismas Zelenka, Georg Philipp Telemann, Ottorino Respighi eta Xabier Zabala zarauztarraren konposizioak (fanfarreak, adagioak, sinfoniak...) joko dituzte.
Zarauzko XXV. Udako Musikaldiko kontzertu guztiak parrokian izango dira, 22:00etatik aurrera.