Zumaiako arraunlariei ongietorria egingo diete igandean

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko abuztuaren 1a

Zumaia Salegi Jatetxeak lehen aldiz historian Euskadiko Traineru Txapelketa irabazi du. Lekeition jokatu zuten norgehiagoka atzo arratsaldean, eta zumaiarrek aise menderatu zituzten San Juan, Hibaika eta Orioko traineruak. 11:02 denbora egin zuen traineru gorriak, 13 segundora iritsi zen San Juan; 18 segundo gehiago behar izan zuen Hibaikak helmugara iristeko, eta Orio laugarren postuan sailkatu zen, 11:39 denbora eginda. Euskadiko txapeldunak, garaipenagatik pozik (Argazkia: Zumaiako Arraun Elkartea) Denboraldi bikaina egiten ari da zumaiarren trainerua, eta Euskadiko Txapelketan ere sasoi betean eta indartsu daudela erakutsi zuten arraunlariek. Lehen pala kolpetik estropadaren buruan jarri ziren zumaiarrak, eta pixkana laugarren kaletik arraun eginez, brankaz gainontzeko traineruei ateratzen zien aldea handitu egin zuten. Zumaiako Arraun Elkarteko kideak oso gustura daude garaipenarekin. «Iaz denboraldi oso ona egin genuen, baina Getari-Tolosak irabazi zuen Euskadiko Txapelketa. Aurten, ordea, lan bikaina egiteaz gain, emaitzek ere lagundu dute, eta lehen aldiz emakumezkoen traineruak Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu du». Gizonezkoek ere Euskadiko bandera izan zuten jokoan atzo, eta eskualdeko taldeen artean Orioko traineru nagusia izan zen Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen bakarra. Hala ere, atzokoa ez zen oriotarren eguna izan, emaitzek ez baitzieten lagundu. Estropada hasi aurretik, adituen iritziz, Orio zen Kaikurekin bandera lortzeko norgehiagoka jokatzeko faborito nagusia. Aurrikuspenak ez ziren bete, eta Sestaoko traineruak lehen bi minutuetan lau segundo atera zion talde horiari. Estropadan zehar handituz joan zen aldea, eta 5. postuan sailkatu ziren oriotarrak azkenean. Ongietorri beroa Euskadiko Traineru Txapelketa albiste pozgarria da Zumaiako arraunarentzat; ospatu beharrekoa, inolaz ere. Horregatik, zumaiarrek ongi-etorria egingo diete arraunlariei. «Egunean bertan ezinezkoa izan da, arraunlari askok ezin zutelako Zumaiara etorri iluntzean». Horregatik, Zumaiako Arraun Elkarteak ongietorria igandean egitea erabaki du. Getarian Gipuzkoako Ligako estropada jokatuko dute 11:30ean, eta hori bukatzen dutenean, 13:00ak inguruan hasiko da ongi-etorri ekitaldia, Zumaiako Arraun Elkartetik abiatuta. Trikitixa doinuez lagunduta, arraunlariak eta arraun elkarteko arduradunak kalejiran kofradiara joango dira, eta bertan Euskadiko Txapeketako bandera herriari eskainiko diete. «Zumaiarrak ongi etorrian parte hartzera animatu nahi ditugu. Denboraldi bikaina egiten ari dira arraunlariak, eta urtean zehar ere prestaketa lan handia egin dute. Merezi dute zumairron txalo zaparrada». Sailkapena: Emakumezkoen estropada
  • 1. Zumaia: 11:02,42
  • 2. San Juan: 11:16,28
  • 3. Hibaika: 11:21,00
  • 4. Orio: 11:39,91
Gizonezkoen estropada
  • 1. Kaiku: 19:48,06
  • 2. Urdaibai: 19:55,80
  • 3. Portugalete: 19:56,34
  • 4. Hondarribia: 20:05,80
  • 5. Orio: 20:17,15
  • 6. San Pedro: 20:23,30
  • 7. San Juan: 20:24,62
  • 8. Santurtzi: 20:40,61

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide