Zuhar Iruretagoiena: "Artearen alderdirik politena prozesuaren abentura da"

Urola Kostako Hitza 2013ko abuztuaren 1a

Zuharren proiektuko irudi bat (Argazkia: Hitza) Irakaslea da Zuhar Iruretagoiena (Zarautz, 1981), EHUko Arte Ederren fakultatean. Ofizioa. Artea eta sorkuntza lantzea, berriz, afizioa du nagusiki, gustatuko litzaiokeen arren egun osoa sormenera emana bizitzea. Baina ez da erraza. Beka deialdietara aurkezten du bere burua, eta bat eman berri diote: Basauriko Otaola beka. Lan horretan murgilduko da, edo murgiltzear da, eta beste batzuk ere baditu udan zehar garatzeko. Atzo, esaterako, herritarren aurrean liburu bat aurkeztu zuen, aurreko beste lan baten baitakoa: Vexations. Hori ere beka baten bidez sortutako egitasmoa da, eta Hendaian (Lapurdi) gauzatu zuen. Ondoren, erakusketa pare bat ere atondu behar ditu. «Ez dut oporrik», esaten du. Basauriko bekara aurkeztu duzun proiektua nola sortu zitzaizun? Paraxutean jauzi egiteko aukera izan nuen egun batean, eta han konturatu nintzen honetaz: momentu batean hainbesteko beldurra sentitu nuen, neure buruak etsi egiten zuen. Oso gogorra zen unea, eta sufritu egin nuen. Ohartu nintzen, beldurra kontrolatzen hasten banintzen, areagotu egiten zitzaidala sufrimentua. Orduan, hortik dator proiektuaren izena ere: Etsitzearen plazerra. Etsitzen nuenean, plazer une bat zegoen deskontrol horretan. Bestela, ezinezkoa zen intentsitatez bizitzea momentu hori. Ikusi nuen tarte eta une hori artearen bidez islatzea interesgarria izango litzatekeela. Une horiek argazkien eta bideoen bidez azaltzea pentsatu nuen; lehendabizi biltzea, eta gero, proiektu bezala zerbait eraikitzea. Etsipena sentitze hori jauzia egin aurrekoa da, ala jauzia egindakoan etorri zitzaizun? Puntu gorena da jauzi egin eta ondorengo hogei segundoak, erorketa libreko hasierakoak. Gero, leundu egiten da sentsazio hori. Baina, jakina, kontuan eduki behar da jauzi bakarra egin dudala, eta, akaso, bigarren jauziak beldur handiagoa emango dit. Lehenengoan ez nekien zer ezer, baina orain badakit. Ezin dut, ordea, atzera egin, hitza eman dudalako proiektua egingo dudala. Ezinbestean egin behar ditut jauziak. Jauzia egitean pentsatu al zenuen proiektu berrirako egokia izan zitekeela, ala proiektuan pentsatzean erabaki zenuen jauziena? Ez dakit kasualitatea izan den edo ez. Ohitura daukat bizitzan aurkitzen ditudan egoerak artean sakontzekoa eta jorratzekoa. Ez da kasualitatea. Alde horretatik begiratuta, bizitzan gertatzen dena artera eramaten dudalako, eta artean gertatzen dena bizitzara. ZUHAR IRURETAGOIENA Zenbat jauzi dira? Bost izango dira. Aurrenekoa Ocañan egin dut, Madrilen, eta beste bat ere bai. IPaisaia anitzak ateratzea interesatzen zait. Hori hala, besteak Frantzian eta Valentzian egingo ditut, ziurrenik. Erabat lotu eta itxi gabe dauzkat oraindik, baina uste dut leku horietan ibiliko naizela. Zerbaiten bila zoazelako aukeratu dituzu leku horiek? Espainian ez dago leku gehiegi halako jauziak egiteko, eta paisaia aldetik interesgarrienak izan daitezkeenak aukeratu ditut. Paisaia horien bidez zerbait zehatza azaldu nahi duzu? Ez. Baina atzean paisaia anitzak azaltzea nahi dut. Adibidez, jauzi guztiak Madrilen egingo banitu, oso lehorra geratuko litzateke. Inguru honetako paisaiarik ez aukeratzea zerbaitegatik al da? Ez. Hemen ez dago horrelako jauziak egiteko aukerarik. Hori da arrazoia. Leku zehatzak dira, eta horregatik jo dut haietara. Egingo dituzu bost jauziak, materiala bilduko duzu, eta gero muntaia hasten da. Hasi aurretik erabat lotuta izaten duzu muntaia, edo bat-batekotasunaren emaitza da, neurri batean? Ideia bat badaukat, badakit zer koadro mota margotu nahi dudan, eta badakit baita ere zer nolako argazkiak lortu nahi ditudan. Baina gero, material guztia esku artean daukadanean erabakiko dut nola egin muntaia. Halakoetan bat-batekotasunari lekua uztea komeni izaten al da? Baietz uste dut. Nik horrela egiten dut lan, behintzat. Artearen ezaugarri bat da ateak irekita uztea. Diseinua beste modu batekoa da; aurretik ia dena lotuta egoten da. Artearen gauzarik politena prozesuaren abentura da; gauza asko irabazten dira. Inprobisatzeak edo bat-batekotasunak ona hori dauka: prozesua bera. Basauriko beka honetaz gain, zein beste proiekturekin ari zara lanean? Atzo bertan aurkeztu nuen liburua Zarautzen, aurreko beka baten lanari buruzkoa. Vexations izena zuen lan hark. Gero, bihar inauguratuko dut Iruñean, Ciudadelan, erakusketa bat zabalik egongo da, eta irailean Zumaiako Alondegian beste erakusketa bat zabalduko dut. Etsitzearen plazerra proiektua Orain arteko lan guztiek nolabaiteko lotura ba al dute? Gaiaren ikuspegitik ez. Nik artea ulertzeko eta egiteko daukadan era da haien arteko lotura. Oraingo proiektua eta aurrekoa beka baten bidez sortu dituzu. Beharrezkoak al dira beken bidez ematen diren laguntzak aurrera egin ahal izateko artearen munduan? Artetik bizi nahi du nahi duenak. Oso gutxi bizi gara. Eta bekak beharrezkoak dira. Ahalik eta arte beka deialdi gehienetara aurkezten al duzu zeure burua? Bai. Ia denak eskatzen ditut. Artetik bizi nahi al duzu? EHUko Arte Ederren fakultatean irakaslea naiz, eta hortik bizi naiz. Bizi nahiko nuke artea landuz, baina ezin diot denbora eta indar guztia eskaini arteari. Badakit nire bizitza arteari bakarrik emana balitz, zoriontsuagoa izango nintzatekeela, baina jan ere egin behar dut, eta beste lan baten beharra daukat. Lanbidea oztopoa da zure sormenerako? Bai, jakina. Denbora eta indarra kentzen dizkit. Arte Ederretan lan egiteak sormena lantzeko ez luke egokia izan behar zuretzat? Gustatuko litzaidake estudioan igarotzea denbora osoa. Asko gustatzen zait irakasle lana, gazteekin eta harremanetan nagoelako, ideia berriekin. Baina klaseak eta prestatzeak denbora kentzen dit, eta burua ere horretara jarri behar izaten dut. Artetik kanpo izan dezakedan lanik onena da, hala ere, irakasletza. Artetik bizitzeko beste bidea erakusketak al dira? Bai, baina zaila dago. Artearen merkatua dena nahasian dago. Egia da krisiak ez diola asko eragin merkatuari, baina oso merkatu elitista da. Hor funtzionatzea faktore askoren mende dago, eta ez da erraza. Erakusketa bat egiteko zer bide egin behar izaten da? Era askotakoak daude, erakuslekuen arabera. Galeriak pribatuak dira, eta haiek aukeratzen dute artista. Erakunde publikoetan beste era batera funtzionatzen dute. Zuk aurkezten duzu lana, eta ordezkariei lana erakusteko interesgarria iruditzen bazaie, aurrera. Zuretzat sorkuntza eta artea bizitzan aldaketak eragitea da. Azalduko al duzu hori? Ez dakit arterik gabe bizitzen. Edozer gauzagatik debekatuko balidate sormena, oso gaizki pasatuko nuke. Bizitza ulertzeko nire era hau da. Denok daukagu sormena, eta ez dago artean bakarrik. Denok erabiltzen dugu egunero, era batera edo bestera. Bizitzan eragin beharreko aldaketa sortzaile dela artea esaten duzu. Zer aldatu behar da? Kultura sortzea da artea. Eta norbaiti eragiten badiozu zerbait artelan batekin, harekin harremanean jarri bazara, lortu duzu aldaketa. Ur tanta txiki bat da, baina aldaketa da era berean. Oso sinplea da komunikazio hori, baina uste dut gizarteari ekarpena egitea dela. Zein egoeratan dago sorkuntza garai ilun hauetan? Alderantziz dela esango nuke. Zenbat eta garai zailagoak izan, sorkuntzak orduan eta indar handiagoa hartzen du, gehiago erabiltzen da. Sormen handia dago gaur egun, eta berrikuntzak erabiltzen ari diren enpresak askoz hobeto ari dira krisiari aurre egiten. Imaginazioa behar da garai hauetan? Bai. Dudarik gabe. Hainbat arlo lantzen duzu artearen baitan. Zergatik asko eta ez bakarra? Nire ustez, proiektu bakoitzak edo adierazi nahi duzun bakoitzak bere oinarria dauka. Hizkuntza anitzak daude gauzak adierazteko, eta gauza bakoitzak bere hizkuntza dauka. Adibidez, errealitatea islatu nahi badut, pintura ez da egokia; ez du erreferente errealik, benetakorik. Argazkiak edo bideoak  hautatu beharko nituzke erreferentea erreala bada. Erosoago sentitzen al zara arlo bat jorratzen, ala unearen araberakoa da? Momentuaren araberakoa da. Hala ere, nire diziplina gustukoena eskultura da, eta horretan sentitzen naiz erosoen. Nondik datorkizu sormenarena eta arterako zaletasuna? Etxetik ez, eta kanpotik ere ez. Adibidez, ez naiz pintura klaseetara eta asko joan. Etxean bagenuen horma bat pintatzeko, baina etxean ez gintuzten bideratu horretara. Berezkoa izango da, eta ikasia ere bai. Asko ikasten da, ez da genetikoa bakarrik. Gainera, ikasketa prozesua ez da inoiz amaitzen. Ikasteko bidean norengana jotzen duzu? Lagunen bidez asko ikasten da, beste artistekin harremanean. Liburuak ere behar ditut, eta horietara ere jotzen dut. Etorkizunerako zein asmo dituzu? Bizitzen jarraitzea. Eta ateratzen denarekin ahalik eta ondoen pasatzea da nire asmoa. Jakina, ahalik eta ondoen eginez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide