Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Goizetik eguerdi artean, ekitaldi politikoak eta erlijiosoak nagusitu dira, urtero den legez. Goizeko hamarretarako Azpeitiko udal arduradun politikoak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak eta Eusko Jaurlaritzakoak udaletxe azpian bildu dira. Han itxoin diote Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, Izarraitz Txistulari Taldekoekin eta Azpeitiko Musika Bandakoekin batera. Ordurako, Corrugados Azpeitiko hainbat langilek elkarretaratzea hasita zuten plazan. Urkullu plazara iritsi denean, Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko Esteban Kanposek lehendakariari gutun bat eman, eta Azpeitiko enpresaren egoera kontuan hartzeko eskatu dio.
Segidan, Izarraitz Txistulari Taldekoekin eta Azpeitiko Musika Bandarekin Arana kaleraino joan dira erakunde publikoetako agintariak. Baina Goiko kalean, hainbat gaztek «pailazo» eta «faxista» ohiukatu dute Jaurlaritzako lehendakaria, Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Azpeitiko alkatea pasatzen ari zirenean. Urkulluk aurre egin die gazteei. Behin agintariek aurrera egin dutenean, ertzainek gazte horietako bat identifikatu eta inputatu dute.
Loiolarako autobusa hartu aurretik, Urkulluk prentsaren aurrean hitz egin du. Han adierazi duenez, «adierazpen askatasunaren izenean edozer ezin da onartu», eta «erakundeekiko eta erakundeak ordezkatzen dituztenekiko errespetua» eskatu du.
Loiolan San Inazio bigarreneko meza nagusia izan da, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak emanda. Azpeitiko Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek Jasokundeko meza abestu dute, Jaime Amenabarrek zuzenduta.
Etxerat-ekoen salaketa
Urtero bezalaxe, aurten ere Etxeratek deituta, euskal preso eta iheslari politikoek sufritzen duten sakabanaketa politika salatzeko elkarretaratu dira Loiolan. Ehunka lagun bildu da. Etxerat-ekoek Urkulluri «preso eta iheslarien lagun eta senideen egoera biltzen duen sei hilabeteko balantzearen» txosten bat eman diote. Etxerat-ekoek hala salatu dute: «Gure senideen eta lagunen egoera okerrera egiten ari da etengabe. Mendekua oinarri duen salbuespeneko espetxe politika baten ondorioak pairatzen jarraitzen dute, eta guk geuk ere ondorio hoiek jasan behar izaten ditugu».
Herrigunea festaren lekuko
Loiolatik herrigunera etorrita, bertan Haujijijai batzordeak antolatutako VI. Bakailao Lehiaketa izan da eguerdi arteko ekitaldi nagusia. Herriko plazan bero handia egiten bazuen ere, jende asko bildu da lehiaketaren nondik norakoak segitzera.
Done Jakue kale inguruan, berriz, Zezen Beltz Taldeak antolatuta entzierro txikia egin dute eguerdian, eta arratsaldean zezenekin jolasak.
Saninazioetako Mus Txapelketa azkarra ere jokatu da arratsaldean Sanagustin kultur gunean. 38 bikotek hartu dute parte.
Haurrentzako dantza ekitaldia egin dute Patxi Perezekin plazan. Ondoren, Emakumeok Plazara lelo hartuta ikuskizuna egin dute Alde Zaharrean.
Gauean txosnetan play back saioa, herriko plazan Gatiburen kontzertua, eta goizeko ordu txikietan erromeria izango dira.