Jesus Antonio Makazaga Makatza izan da Orioko Futbol Taldeko presidentea 15 urtean. Nekatuta izan bada ere, elkartea zuzentzeko pertsona egokia aurkitu duen arte gogor eutsi dio karguari azken urteetan. Uda honetan, ordea, belaundaldi aldaketa izan da Orioko Futbol Taldeko zuzendaritzan, eta Arkaitz Agirre (Zarautz, 1974) izango da aurrerantzean elkarteko presidentea. Urola Kostako Hitza zarauztarrarekin berriketan aritu da, eta hark etorkizuneko asmoen nondik norakoak kontatu dizkio.
Orioko Futbol Taldeko presidentea izatea pasa al zitzaizun inoiz burutik?
Ezustean etorri zait Orioko Futbol Taldeko presidentea izateko aukera. Nik iaz semea Futbol Eskolan hasi nuen, bederatzi urterekin, eta han laguntzen hasi nintzen. Horrela, Jesus Antonio Makazaga
Makatza aurreko presidentea etorri zitzaigun niri eta Jaime Coladori, bera nekatuta zegoela eta Futbol Eskolaren ardura hartuko genuen galdezka. Antzematen genuen hainbeste urteren ondoren Makatzari kargua astuna egiten zitzaiola, eta Coladok eta nik hartu genuen Futbol Eskolaren ardura, guraso talde baten laguntzarekin. Horrela lanean aritu ginen, eta Orioko Futbol Taldeko zuzendaritza hartzea proposatu ziguten. 12 lagun inguruko talde bat bildu ginen; bilerak egiten hasi, eta onartzea erabaki genuen. Dena dela, argi genuen zuzendaritzaren hautaketa prozesura beste norbait aurkezten bazen, guk gure hautagaitza atzera botako genuela, gure ideia orain artekoari jarraipena ematea baitzen.
Zuzendaritza talde handia zarete. Nola antolatuko duzue lana?
Talde handia gara, eta bi esparrutan banatu dugu lana, lan-karga osoa pertsona bakar batek bere gain izan ez dezan. Lan honek inplikazio handia dakar, eta ez dugu ahaztu behar gutako bakoitzak gure lana, familia eta gure bizitza ditugula. Horiek ez ditugu alde batera utzi nahi, eta lana
dibertsifikatzeko bi arlotan banatu dugu kudeaketa. Talde batek elkarteko kirol arloa jorratuko du, eta besteak kudeaketa eta administrazio lanak egingo ditu. Ni neuk arlo administratiboa jorratuko dut, nire lanagatik. Dena dela, erabakiak denak batera hartuko ditugu; mahai inguruan bakoitzak bere iritzia emango du.
Zuk futbol mundua ezagutzen al duzu?
Bai, oriotarra ez banaiz ere, Orioko Futbol Taldean jokatu izan dut urte askotan atezain bezala. 17 urterekin iritsi nintzen Oriora
Zarauzko Antoniano Taldetik. Erregional mailatik Preferente mailara ere igo ginen, Azkue entrenatzailea eta Atorrasagasti presidentea zirela. Makatza presidente dela ere aritu naiz Oriokon futbolean. Beraz, ondo ezagutzen dut etxea. Badakit orain arte zer martxan izan duen, eta zuzendaritza berriaren ideia joera horri eustea da. Orain arte lan ona egin da, eta jarraipena eman nahi diogu.
Zein filosofia jarraituko duzue?
Orioko neska-mutilei futbolean jokatzeko aukera bat ematea da gure helburua. Azpiegitura politak ditugu, eta uste dugu hauek aprobetxatu egin behar direla futbolaz gozatuz. Kirola sustatu nahi dugu, emaitzak bigarren maila batean uzten ditugu, hasieran behintzat. Jubenil maila arte pentsatzen dugu formakuntza dela garrantzitsuena; talde lanaren garrantzia eta kirol baloreak sustatzea, alegia. Horregatik, jokalari guztiek jokatzea nahi dugu, irabazteko helburua alde batera utziz. Jubeniletatik aurrera lehiakortasunari ere garrantzia eman behar zaiola uste dugu.
Futbol Eskolarekin formazioa oso umetatik hasten da. Orain arte jarraitu duzuen ildoari eutsiko al diozue?
Inguruko herrietan Benjamin mailako lehenengo urteko haurrak, 8-9 urtekoak, hasi daitezke futbol eskolan. Orion, berriz, bederatzi urtetik aurrera ematen dugu horretarako aukera. Gurasoen partetik eskaera badago, gustatuko litzaiguke Benjamin mailako lehenengo urteko haurrak ere Futbol Eskolan aritzea, baina oraindik erabaki gabe dagoen gaia da. Gainontzean Futbol Eskolan orain arte izandako filosofiarekin jarraituko dugu.
Emakumezkoen futbol taldeak ere izan ditu Orioko taldeak. Horren inguruan asmo berezirik ba al duzue?
Futbolean parte hartu nahi zuten neskei deialdi irekia egin genien, eta iazko taldeak jarraituko du, kadete eta jubenilez osatutakoa. Zaila izaten da kategoria bateko neskez osatutako taldea osatzea, hemen eta gainontzeko herrietan. Aurten infantilez osatutako neska taldetxo bat geratu da talderik gabe, goiko taldean jokatzeko gazteegiak direlako. Horregatik, Futbol Zazpian jokatzeko aukera eman nahi genieke. Futbola gustatzen zaien neskak animatzen badira Orioko Futbol Taldeko ateak irekita dituzte.
Zuzendaritza aldaketarekin jokalariek eta gurasoek antzemango al dute alderik egunerokoan?
Hasiera batean ez da aldaketarik izango. Dena dela, jarrera aldetik aldaketa txiki bat ematea nahiko genuke. Oriotarrak sutsuak gara, eta zenbaitetan emozioek gaina hartzen digute jokalarioi, ikusleoi eta baita taldeko arduradunoi ere. Arlo hori landu nahi dugu. Kiroltasuna sustatu, eta portaera egokia bultzatu nahi dugu taldea osatzen dugun guztion artean. Arbitro bat nahasten denean, esaterako, haserretu beharrean, nahi genuke jokalariek ulertzea denok egiten ditugula akatsak, ez duela nahita egin, eta partida jokatzen jarraitu behar dela. Helduok izan behar dugu jokaera ezegokiak aldatzen lehenak, umeentzat erreferente garenez gugandik ikasten dutelako. Haurrak ikusten badu bere entrenatzailea, arduraduna edo gurasoa sututa dagoela, hark ere jarrera hori izango du.