Artxiboko irudian, Saharako haurrak Zarautzen
Egitaraua
Abuztuaren 2an, Zumaian
- Egun osoan zehar Zumaiako Itzurun hondartzan izango dira. Bazkaldu eta afaldu ere bertan egingo dute.
- Arratsaldean jolasak egingo dituzte Saharako haurrek eta bertakoek elkarrekin jolastu dezaten.
- Gaua Lasturgo aterpetxean igaroko dute Saharako haurrek.
Abuztuaren 3an, larunbata, Zestoan
- 11:00etan Iraetako Futbol Zelaian jolasak egingo dituzte.
- 13:00etan Zestoako udaletxean harrera egingo diete Mendebaldeko Saharako haurrei. Haima jarriko dute eta hiru bandera igoko dituzte.
- 14:30ean bazkari herrikoia izango da plazan.
- 16:30etik 20:30era puzgarriak eta ume jolasak egingo dituzte Laranjadi plazan.
- 19:30ean Saharako musika talde batek kontzertua emango du.
Abuztuaren 4an, igandea, Lasturren
- Goiz partean Lastur inguruan mendi buelta egingo dute.
- Eguerdian bazkaria egingo dute Lasturren.
Urtero-urtero asko izaten dira udako oporraldia pasatzera eskualdera eta oro har Euskal Herrira etortzen diren Mendebaldeko Saharako haurrak. Ildo horretan, bihartik igandera bitartean Orduñako Pakeleku udalekuetan dauden Saharako haurrak Urola Kostara etorriko dira asteburua pasatzera. Zumaia eta Zestoa ezagutuko dituzte, eta primerako asteburua igaro dezaten Darahli Elkarteak egitarau zabala antolatu du.
Bihar Zumaian izango dira, eta larunbatean Zestoan Sahararen Aldeko Eguna ospatuko dute; bertan Saharako haurrek ez ezik, bertakoek ere parte hartzea nahi dute antolatzaileek. «Mota horretako ekimenak denentzat oso aberasgarriak dira. Larunbatean Zestoan ospatuko dugun festan Pakelekuko haurrek, eskualdeko familietan oporraldia igarotzen ari direnek eta bertako haurrek parte hartzea nahi dugu». Izan ere, Darahli Elkarteko kideen iritziz, mota honetako ekimenak «oso aberasgarriak izaten dira Mendebaldeko Saharako haurrentzat eta bertakoentzat, elkarbizitza eta kulturartekotasuna sustatzen laguntzen baitute». Igandean, azkenik, Lastur aldera egingo dute.
Zumaiako Darahli Elkarteko 20 gazte uztailean zehar begirale lanetan aritu dira Orduñan haur sahararrentzat antolatu dituzten Pakeleku udalekuetan, eta «esperientzia paregabea» izan dela nabarmendu dute. Darahliko kide Samuel Ruizek azaldu duenez, krisiaren eraginez asko jaitsi da uda garaian Saharako haurrak hartzen dituzten familia kopurua. «Hori dela-eta haur asko familiarik gabe geratzen dira eta haur horiek Euskal Herrian oporraldia igaro dezaten antolatzen dira Pakeleku udalekuak», azaldu du.
Mendebaldeko Saharako haurren bizi kalitatea hobetzeko urtero handik kanpora bi hilabete igarotzea oso garrantzitsua izaten da. «Eurak oso baldintza gogorretan bizi dira. Garai honetan 50 gradu inguru egiten ditu haiek bizi diren errefuxiatu kanpamenduetan. Osasun azterketa guztiak pasatzen dituzte hemen, eta elikadura orekatuagoa izaten dute. Pena da familiarik gabe geratu diren haurrak ez ekartzea, eta horregatik antolatzen dira Pakeleku udalekuak», adierazi dute.
Aurreko urteetan, Darahli Elkarteko gazteek egunpasak egin izan dituzte Pakeleku Udalekuetako haurrekin. «Aurtengoan urrats bat aurrera eman nahi izan dugu, eta 2012an Darahlirekin Mendebaldeko Saharan izan ziren gazteak Pakeleku Udalekuetan begirale lanetan aritu dira. Esperientzia izugarria izan dela azpimarratu dute, eta datorren urtean ere errepikatu nahi genuke», adierazi du Ruizek.