Fiare banku etikoarekin harremana adostu du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 31

Fiare banku etikoaren proiektuari laguntzeko lankidetza hasiko du Azkoitiko Udalak, azken udalbatzarrean horretarako hitzarmena adostu eta gero. 1.800 euro emango dio erakundeari, hala «banku etikoaren aldeko apustua» eginez. Azkoitiko Udala Fiareren erakunde laguntzailea izango da, gobernuz kanpoko eta gainontzeko gizarte izaerako erakundeen lana sustatzeko. Izan ere, Fiarek jasotzen duen diruaren zati bat hainbat proiektu finantzatzeko erabiltzen dute, gizartean bazterketa ekidin eta sektore ahulenetan «onura» sortzeko asmoz. Ingurumenarekiko errespetua eta bideragarriak izatea dute ardatz, besteak beste. Azkoitiko Udalak emandako dirua, ordea, gordailu moduan izango dute. Aho batez onartu zuten bi erakundeen arteko hitzarmena, baina PSE-EEk «konpromiso handiagoa» hartzeko eskatu zion udalari. Udal gobernuak erantzun zion bazkide gisa hasiko direla, eta Fiarek«aukerak zabaldu ahala» udala konpromisoak hartzen joango dela. Aurreratu zuen irailean herriko gobernuz kanpoko erakundeekin batera gaiaren inguruko hitzaldi bat izango dela, herritarrei zuzenduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide