Hilabete bukaeran Antilla hondartzari jai giroa eman nahian-edo Txalupa tabernan bi ekitaldi antolatu dituzte uztailaren 31 iluntzerako. 20:00etan, Jon Plazaolak bakarrizketa eskainiko du. Jon Plazaola urretxuarra aktore, gidoilari eta aurkezle lanetan ibilitakoa da, baina azken aldian bakarlari modura egin da ezagun eta horrela, bakarrizketan arituko da Txalupan, beti ere umore ukituarekin hitzez eta keinuz.
Ondoren, 22:00etan, Arrutiko Intxaurrak kantuan hartuko dio lekukoa. Ane Arruti bakarlari zarauztarra dago Arrutiko Intxaurrak izenaren atzean. Gitarra akustikoa lagun, berak egindako kantuak hainbat bertsiorekin tartekatuko ditu. Sarean daude horietako hainbat kantu.