Plan estrategikoa jorratuko dute Eusko Jaurlaritzak eta ontzigintza sektoreko ordezkariek

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 29a

Eusko Jaurlaritzak eta ontzigintza sektoreak "epe laburrerako, epe ertainerako eta epe luzerako" neurriak bilduko dituen plan estrategikoa jorratuko dute. Horrekin, datozen hilabetetan eman beharreko pausoak aztertuko dituzte. Helburuak sistema berria aztertu, finantzaketa ildo berriak landu, inbertitzaile berriak lortu eta ikerketa eta garapena bultzatzea izango dira. Horretarako, lan taldea berriaren helburuak zehazteko bilerak egingo dituzte irailetik aurrera. Hala jakinarazi du Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak. Goizean bilera egin dute Jaurlaritzako, ontzioletako, ontzi enpresetako eta sindikatuetako ordezkariek, egungo egoera  eta sektorearen etorkizuna aztertzeko. Bertan, "inbertitzaile berriekin kontratu berriak" lortzea "lehentasuna" dela nabarmendu dute eta baita sektoreari segurtasun juridikoa eskaini behar zaiola ere. Ildo horretatik, tax lease sistema berriarekin dagoeneko bi kontratu sinatu dituztela jakinarazi dute. "Sistema berriak etorkizuna du, baina oinarriak ezarri behar dira. Segurtasun juridikoa eskaini eta finantzaketa bilatzeko lan egin behar dugu", azaldu du Tapiak. Gobernu zentralaren betebeharra Era berean, diru laguntzak berreskuratzea Gobernu zentralaren betebeharra dela nabarmendu du Ekonomia Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailburuak: "Espainiar estatuak jaso du zigorra, eta berak kalkulatu beharko du 1.000, 400 ala 200 milioi diren".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide