Zumaiako trainerua banderarekin (Argazkia: Baleike.com)
Arraun denboraldia pil-pilean da; gizonezkoen ligan Kaiku faborito nagusia bada ere, banderak ez dira Sestao aldera soilik joan, traineru askok izan baitute banderaren bat edo beste astintzeko aukera. Gorabeheratsua izaten ari da aurtengo liga, asteburuan bi estropada jokatzen dituzte arraunlariek eta jardunaldi batean traineru batek lehen postua lortu dezake, hurrengo egunean laugarren tokian helmugaratzen den bitartean. Traineruen arteko norgehiagoka estu horrek saltsa sortu du arraun munduan.
Emakumezkoen ligan, berriz, asteburuan Zumaiako traineruak etxean lortu duen garaipenarekin Euskotren Liga nahiko erabakita geratu da. Izan ere, Zumaiako traineruak lau puntuko aldea ateratzen dio bigarren postuan sailkatuta dagoen San Juango traineruari. Horrela, aurretik dituzten hiru estropadetan zumaiarrak San Juan baino postu bat atzerago sailkatzen badira, Euskotren Liga irabaziko lukete. Dena dela, asteburu gorabeheratsua izan da pasa dena traineru gorriarentzat, larunbatean Getxon jokatu zen estropadan ez baitzuten irabazterik izan eta Pasai San Juan aldera joan zen bandera preziatua; zumaiarrek denboraldian zehar eskuratu ez duten lehen bandera izan zen larunbatekoa.
Igandean, ordea, lan bikaina egin zuen zumaiarren traineruak etxean, arraunketa dotorearekin, Euskotren Ligako liderra dela argi utzi baitzuen beste behin. Zumaiako bandera etxean geratu bazen ere, estropadako lehen luzean traineru arrosak gertutik jarraitu zion gorriari. Etxekoek, ordea, arraunketa lasai eta dotorearekin pixkanaka-pixkanaka aurrea hartu eta tartea handitzea lortu zuten, estropada amaieran 10 segunduko aldea atereaz.