Aiako Festetako lehen eguneko afari txartelak uztailaren 30a baino lehen erosi behar dira

Karkara.eus 2013ko uztailaren 26a

Orioko Errusta eta Aiako Jauregi tabernetan daude salgai 5 eurotan

San Donato Eguna abuztuaren 7an eta San Lorentzo Eguna 10ean izan arren, aurten abuztuaren 3tik 10era bitartean luzatu dituzte Aiako festak. Iaz bost egunekoak izanik abuztuaren 4an...

Orioko Errusta eta Aiako Jauregi tabernetan daude salgai 5 eurotan

San Donato Eguna abuztuaren 7an eta San Lorentzo Eguna 10ean izan arren, aurten abuztuaren 3tik 10era bitartean luzatu dituzte Aiako festak. Iaz bost egunekoak izanik abuztuaren 4an olinpiada eguna egin zuten eta ongi joan zenez aurten abuztuaren 3rako hainbat ekitaldi antolatu dituzte herria jaietarako girotzeko asmoz.

Arratsaldean, 17:30ean pala txapelketako finalak jokatu eta gero, 19:30ean hasiko da festa herriko trikitilariekin eta hainbat bertsolarirekin. Ondoren afaria egingo dute frontoian. Parrillak jarriko dituzte han eta jatekoa norberak eraman beharko du. Baina afaritarako uztailaren 30a, asteartea, baino lehen txartela erosi behar da, 5 eurotan, Orioko Errusta edo Aiako Jauregi tabernetan. Afaritarako txartelaren truke edaria, kafea eta kopa izango dituzte gerturatzen direnek. Jatekoen artean etxean egindako postrea ere eramanez gero, afalosteko postre lehiaketan parte hartzeko aukera izango da, koadrila bakoitzak postre batekin. Jarraian erromeria egingo dute plazan Ai Ene! taldearekin eta goizaldean aulki-jokoa.

Antolatzaileek proposatu dute koadrila bakoitzak mozorro bat eramateko soinean edo bereizgarriren bat: blusa, peluka, kamiseta, txapela... festari bizigarri pixka bat emateko.

Abuztuaren 3ko lehen jai doinuen ondoren, 4an segituko diote egitarauari eta 5ean egun bateko etena egin ondoren, 6tik 10era beste gauza pila bat izango da Aiako festekin gozatzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide