Andrea Lopetegi, Jone Azkoaga eta Lierni Atxukarro hiruko zarauztarrak osatzen du Mor More musika taldea. Hala eta guztiz ere, ez dira beti hiru izan. Ibilbideari bikote modura eman zioten hasiera 2010ean, eta urte horretan bertan egin zuten debuta Putzuzulo gaztetxean. «Abuztuan izan zen, Giri Egunean, Gartxot taldearekin batera», gogora ekarri du Azkoagak. Hiru urte geroago, taldeak aurrera jarraitzen du, osasuntsu eta kontzertuz kontzertu, eta gaur gauean, 23:30ean hasita, Orioko Kalakari taberna aurkeztuko ditu abestiak.
Azkoaga eta Lopetegi gitarrarekin trebatzen hasi ziren, Putzuzuloko lagun baten bitartez. Modu horretan, beste talde batzuen bertsioak ateratzen hasi ziren, eta eskua musika tresnara egiten. «Ondoren, gure kontura jarri ginen, nire etxeko txabolan, eta pixkanaka-pixkanaka konfiantza hartzen joan ginen, gure abestiak sortuz», azaldu du Lopetegik. Idatzi zuten estreinako abestiak, ordea, bizitza laburra izan zuen. «2010ko martxoaren 8ko asteburuan hiru aldiz jo genuen abesti bera, eta harrezkero ez dugu berriro jo», aitortu du Azkoagak. Hura izan zen Mor More taldearen lehen plaza. Edo beren estreinako kontzertuaren aurrerapena; izan ere, urte bereko abuztuaren erdian izan zen Putzuzuloko saioa.
Handik urtebetera, Leire Atxukarro sartu zen taldean, kaxa jotzeko. «Betidanik izan dut kaxa jotzeko grina, eta urtebetetzean etxean oparitu zidaten. Hauek entsegu batera gonbidatu ninduten, eta elkarlanarekin gustura geratu ginenez, hirukote bihurtu ginen». Hala, biluzik geratzen ziren gitarra akustikoei perkusioaren bizitasuna erantsi zioten. «Hasierako kantak lasaiagoak ziren. Tristeagoak zirela esaten ziguten. Orain, kaxaren erritmoarekin alaitu egin ditugu».
Taldearen izenak, bestalde, istorio bitxia du. «Martxoaren 8ko ekitaldian Jone eta Andrea ginen, besterik gabe. Gaztetxean jotzeko aukera ustekabean etorri zen, aste batetik bestera. Aurretik ez genuen inon jo, ez geneukan izenik, taldea ere bikotea zen... Gure izenez aurkeztea ez zitzaigun txukuna iruditzen. Kontzertua antolatzen ari zirenek More More proposatu ziguten, baina ez zigun gehiegi konbentzitu. Buelta batzuk eman ondoren, Mor More jarri genion», dio Azkoagak, atzera begirakoa eginez. «Musika munduan kolore morea sartze aldera, nolabait esateko».
Hirukoteak ikuspegi feminista du, eta halaxe bizi dira. «Hori gure abestietan islatzen da, baina, orokorrean, beste gai batzuk ere lantzen ditugu», nabarmendu du Atxukarrok. «Abestien letretan gure sentsazioak jasotzen ditugu, eta nahieran interpretatzeko aukera uzten diogu entzuleari», gehitu du Lopetegik.
Diskoarekin bueltaka
Oraindik argitara eman ez duen disko bat du hirukoteak. Joan den urtarrilean grabatu zuten Vista Alegre auzoko entsegu lokaletan, Aitor Morey
Murray-ren gidaritzapean. Hasiera batean maiatzerako kaleratzekoak ziren, baina gauzak atzeratzen joan zaizkie, eta datorren urte hasierako gertu izango dutela aurreikusten dute.
Introa,
Nora,
Paradisua,
Termometroa,
Urdina da dena,
Errugabetzen eta Ekhiñe Eizagirreren poema batean oinarritutako
Balantzaren bestaldea. Horiek izango dira estreinako laneko abestiak, eta, era berean, gaur gaueko kontzertuan taularatuko dituztenak; bertsio pare bat ere joko dute. Disko fisikoa eskuratzeko hilabete batzuk falta diren arren, abestiak sarera igoko dituzte datorren astean (
mormore.bandcamp.com).
Kalakari-ko kontzertuaren ondoren, Arrano tabernaren aurrean joko dute abuztuaren 22an, herriko beste hainbat talderekin batera.Urtarriletik hona hilero saio bat edo bi eskaini dituzte, eta martxa onean dabiltza. Uda ondoren, ordea, geldialdi bat egingo dute, kideetako bat kanpora doalako ikastera.
Mor More bezalako talde gutxi daude Euskal Herrian; hau da, emakumeez osatutako musika talde akustikoak. «Ez gara asko, egia esan», berretsi du Atxukarrok. «Badira etxean gitarra jotzen duten emakumeak, baina, agian, ez dute jende aurrean jotzeko aukerarik izan. Guri, adibidez, dena prestatu ziguten, eta behin kontzertuak ematen hasten zarela, gustuko baduzu, zu zeu hasten zara bilatzen», azaldu du Azkoagak. Agertokira igotzeak errespetua ematen duela aitortu dute. «Binaka edo hirunaka errazagoa da beti, bakarka baino», dio Atxukarrok. Hori horrela, musikari emakumeak plazara atera daitezen animatu nahi dituzte.