Joel Rodriguezek irabazi du Errekortari Txapelketa

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 26a

Joel Rodriguez izan da Errekortari Txapelketako irabazlea (Nerea Uranga) Joel Rodriguezek irabazi zuen atzo (uztailak 25) Azpeitiko zezen-plazan jokatutako Errekortari Txapelketaren VII. edizioa. Zezen Beltz saria, berriz, Jonatan Estebanes El Peta-k lortu zuen. Atzo Errekortari Txapelketa eta Zezen Beltz saria jokatu ziren Azpeitiko zezen-plazan. Plaza bete egin zen, 3.200 lagun batu ziren plazara.  Javier Molina (Sevilla, Andaluzia, Espainia) ganadutegiko zezenekin aritu ziren.
Joel Rodriguez izan zen Errekortari Txapelketaren irabazlea, 3.007 euroko txekea irabaziz. Rodriguezek 2008an ere irabazi zuen Azpeitiko saioa, eta duela bi urte Ruben Fernandez Cuatio eta biak berdinduta geratu ziren. Zezen Beltz sariko finalerako sailkatze proba hamabi errekortarik jokatu zuten, hiru taldetan banatuta. Horietatik, finalerako Paquito Murillo, Cristian Blanco, Jonatan Estebanez El Peta eta Eloy Pueyo sailatu ziren. Millonario izeneko zezenarekin aritu ziren. Finalean onena Jonatan Estebanes El Peta izan zen. Honek, azken Errekortari txapelketaren txapeldunekin aurtengo edizioko finala jokatzeko aukera izan zuen. Errekortari txapelketako finala Ultramar izeneko zezenarekin jokatu zuten, Rodriguezek (2008, 2011), David Ramirez Peque-k (2009), Cuatiok (2011) eta Oscar Moralesek (2012). Errekortarien Txapelketako saio bakarra aurten Azpeitian jokatu da, Zezen Beltzek, Azpeitiko Udalak eta Taurovision enpresak antolatuta. ETB1en lehiaketa abuztuaren 1ean izango da ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide