Maider Korta: "Mendi lasterketak asfaltoko probak baino entretenigarriagoak dira"

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 25a

(Argazkia: Baleike.com) Maider Korta (Azpeitia, 1983) azkenaldian mendi lasterketetan emaitza politak ari da lortzen. Ekainean Eibarren Galdaramiño mendi lasterketa irabazi zuen, ondoren Soraluzeko proba batean hirugarren egin zuen, eta igandean Zumaiako Flysch Traileko ibilbide motzeko (16 kilometro) emakumezkoen txapela lortu zuen. «Ni lasterkari herrikoia naiz, eta gozatzeko asmotan hartzen dut parte probatan», dio lortutakoari garrantzia kendu nahian. Mendi lasterketetan emaitza onak lortzen ari zara. Gustura al zaude? Gustura nago, bai. Beti egiten du ilusioa ondo egiteak. Zumaiako Flysch Traileko lasterketa motzean emakumeetan aurrena bukatu zenuen bidea, eta sailkapen orokorrean 20. postua eskuratu. Bai, ondo egin nuen. Sasoiko sentitu nintzen. Beroarekin ez naiz batere ondo ibiltzen, eta beldurrez abiatu nintzen. Baina geroondo sentitu, eta oso gustura bukatu nuen, indartsu. Motza gelditu zitzaizun, ala? Ez, ez, motza ez. Gustura ailegatu nintzen. Aurretik proba luzea edo motza egin zalantza egin nuen, baina gehiago disfrutatuko nuela pentsatuz, motzean irten nuen. Luzea luzetxo egingo zitzaidala iruditzen zitzaidan. Aurretik errepideko lasterketetan ibili zara, baina azkenaldian mendira jo duzu. Nolatan aldaketa? Aurretik ere probatu nituen mendiko probak, mendia beti izan dudalako gustuko. Entrenatzeko ere askotariko lurrak zapaltzea asfaltoan ibiltzea baino entretenigarriagoa egiten zait. Mendia eta lasterketa ditut gustuko; mendiko probek biak uztartzen dituzte. Zure anaiak (Iñaki eta Xabier Korta) lasterka esperientzia eta maila handikoak dira. Haiek laguntzen al dizute prestaketetan? Laguntza beharrez gero, ez daukat batere arazorik. Haiek laguntzeko prest daude beti. Proba askotan, batik bat aurrenekoetan, lagundu izan didate, eta horrela  ikasi egiten da. Hala ere, ni nire mailan ibiltzen naiz. Baina aholkuak beti ondo datoz. Aurrera begira beste lasterketaren batean irteteko asmorik ba al duzu? Ez, ez daukat helburu handirik jarrita. Egia esan, ibiltzeko ere denbora askorik ez daukat; astean hiru edo lau alditan entrenatzen naiz. Ibiltzen naizen lasterketen luzerak nahikoa dira niretzat. Nabilen horretan inguruan lasterketa polit batek tentatzen banau, irten egiten naiz, ibiltzea baita nire asmo bakarra. Orain, abuztua datorrenez, atseden hartuko dut. Azpeitian bertan Izarraizko mendi lasterketa eta Zuzenien igoera bertikala antolatzen dituzte. Horietan parte hartzeko asmorik ba al duzu? Izarraitzekoan beti nahi izan dut parte hartu, baina garaia iritsi izan denean lesionatuta egon izan naiz. Hanketatik nahiko gaizki ibili izan naiz beti, lesio askorekin. Orain ondo nabil, eta azken boladan horregatik ari naiz emaitza onak lortzen. Herriko probetan parte hartzeak beti ilusio handiagoa egiten du, eta tentatzen nau. Aurten ere Izarraizkoak gaizki nenbilela harrapatu ninduen. Zuzenekoak, berriz, ez dit tentatzen. Oso gogorra eta esfortzukoa iruditzen zait. Hala ere, aurten ikustera joan nintzen, eta inbidia puntu bat sentitu nuen. Baina badakit oso gogorra dena.  Luzeagoa eta beste era batekoa nahiago dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide