Norbere barnera begiratzeko

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 25a

Keixeta tutu itxurako eskulturen aurrean, klaustroko lehen gunean. Debako Santa Maria elizako klaustroa barne hausnarketarako espazio bihurtu du Txiki Agirre Keixeta artistak (Arroa, 1963), Barneratzeko guneak erakusketaren bitartez. Erakusketa lau gunetan banatuta dago, klaustroak berak hala «markatuta», eta gune bakoitza «independentea» dela zehaztu du egileak; nolabait esateko, lau erakusketa direla bakar batean. «Erakusketa egiteko aukera urtarrilean onartu zidaten, eta hara joaten hasi nintzen, bertan zer eta nola aurkeztu nezakeen ikustera. Konturatu nintzen tokia egokia zela barneratzeko; norbere barrura begiratzeko edo pentsatzeko, alegia», aditzera eman  du Zumaian bizi den artistak. Erakusketa uztailean eta abuztuan bisitatu ahal izango da. Sorozabalen omenez Lehen gunean Pablo Sorozabali omenaldia egiten dio Keixetak, haren heriotzaren 25. urteurrena gogora ekarriz. «Nire aurreko erakusketa Gernikari bu­ruzkoa izan zen, eta Sorozabalek baditu Gernikari buruzko hileta-martxak. Hortik etorri zitzaidan lotura», aditzera eman du artistak. Horretarako, buztin zuriz eta burdina beltz gordinez eginiko hamar eskultura inguru bildu ditu. Eskulturek tutu itxura dute, eta etengabe erreferentzia egiten diete musika-tresnei. «Tutu horiek barneratzeko guneak dira, beren sarrerekin eta irteerekin», jakitera eman du. Kokaleku honetan dagoen artelan aipagarriena  3 metro luzeko eta 1,5 metro zabaleko pieza bat da: burdinazko xafla baten gainean kokatzen diren buztinezko bost tutu ikus daitezke bertan. Kritika soziala Jon Maia bertsolariak filmatutako Gazta zati bat dokumentalerako gaztazko mundu bat ekoitzi zuen Keixetak, eta bola hori «pieza artistiko» bilakatuta eraman du bigarren gunera. «Gazta bola egin ondoren, bere prozesu naturalean utzi nuen, usteldu arte. Prozesu hori 16 argazkitan jaso dut, eta amaieran bola hori plastikoz estalita irudikatu dut. Gaur egungo hondakin plastikoen erabilpen okerra kritikatu nahian». Horretarako, bigarren gunearen amaieran instalazio bat egin du, munduaren itzalaren proiekzio batekin. «Mundua bueltaka ari da.  Denbora aurrera doa, eta erabaki bat hartu behar dugu hondakin kontu honekin. Izan ere, esaten dutenez, plastikozko kontinente bat agertzen ari dela itsa­soaren azpitik». Hirugarren eta laugarren guneetan, berriz, margoak jarri di­tu. Hirugarrenean duela lau urte eginiko lau margolan topatuko ditu bisitariak. «Duela lau urte eskatu nuen erakusketa egiteko tokia elizan, eta orduan egin nituen lan horiek –hasierako planteamentuak– ekarri nahi izan ditut; nolabait ere, gaur egun egiten ari naizena erakusteko». Kasu honetan, klaustroko leihoen egiturak dira koadroen konposaketaren oinarri eta inspirazio-iturri nabariak. Klaustroko lehioak Margogintzan egindako garapena edo aldaketa antzematen da laugarren espazioan. Gune horretara bere margolanik berriena eraman du; azken hilabeteotan Artelekuko estudio batean eginiko tamaina handiko zazpi lan, alegia. «Klaustroa bera ikaragarria denez, aurkeztu ditudan lanak txiki geratzen dira, nahiz eta hiru metro eduki». Klaustroko paretako harriekin bat egiten dute koadroek, baina «barneratzeko lei­ho edo ate» izan nahiko lukete. Atzoko eta gaurko artelanen bilduma egin du Keixetak erakusketa honekin. Azken finean, bera ere barrura begira jarri delako. «Duela 28 urte Deban bertan egin nuen nire lehen erakusketa, eta garai hartan buztinarekin egiten nuen lan. Material hori utzita eduki dut denbora luzez, eta azken urtean berriro hartu dut. Beraz, atzera buelta egin dut, Debara itzuliz eta Sorozabalen omenezko lanak buztinaz ekoitziz». Bizitzaren zirkuluak biraka jarraitzen duen seinale.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide