Hondakinei buruz adostutakoa aintzat hartzeko eskatu du Azkoitiko hainbat eragilek

Ane Olaizola 2013ko uzt. 25a, 04:00

Zero Zabor taldeak deituta, hondakinen lan taldean parte hartutako eragiletako batzuk prentsaurrekoa eman zuten herenegun. (Ane Olaizola/Hitza) «Eztabaita alderdikoiak» alde batera utzi, eta konpromisoak har ditzatela eskatu du hainbat eragilek. Azkoitiko Zero Zaborrek deituta, Hondakinen Lan Taldean parte hartu duten hainbat eragilekin batera prentsaurrekoa egin zuten herenegun arratsaldean, eta han ateratako ondorioak berretsi zuten taldeek; «egindako lana borobiltzeko eta lortutako adostasunak aldarrikatzeko beharra dagoela uste dugu», adierazi zuen taldeak. Hori hala, hondakinen lan taldean egindako lana aintzat hartzea eta «eztabaida alderdikoiak alde batera utzi» eta adostutako ondorioak aurrera eramateko konpromisoak hartu ditzatela eskatu zioten arduradunei. Hondakinen lan taldean lau saio egin dituzte, eta horietatik abiatuta adostu dute 2014rako %70eko birziklatze tasetara iristea; gainera, tasa horrek hobetzen joan behar duela uste dute, bi urtetako epean %80-85era iritsi arte. Helburuak ez badira lortzen, neurri zuzentzaileak hartzea hitzartu zuten. Gaika bildutakoaren «kalitatea» bermatuko eredua izatea proposatu dute; hain zuzen, «errefusari ateak itxiko dizkiona». Horrez gain, adostu dute hondakinak birziklatea «herritar guztien betebeharra» izan beharko duela, eta prebentzio politikak ere beharrezkotzat jo dituzte. Bilketa eredua adosterakoan, irizpide teknikoak kontutan izatea ondorioztatu dute lan saioetan. Hori hala izanik, taldeak uste du hondakinen kudeaketak irizpide horietan oinarrituta egon behar duela. Asistentzia falta Azpimarratu zuten lan taldearen helburua izan dela hondakinen inguruok informazio teknikoa biltzea eta elkarbanatzea. Arazoari aurre egiteko, «iritzi desberdinetako taldeak eta alderdiak» gonbidatu dituzte bertara, baita herritarrak ere. Baina zero zabor taldeak adierazi zuenez, «hondakinen lan taldeak faltan bota dugu talde batzuen asistentzia».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide