Aitor Manterola, Iñaki Agirrezabalaga eta Luis Osa (Hitza)
Igande eguerdian Zumaiako Bandera estropadaren 28. edizioa jokatuko da Zumaiako uretan. Gaur aurkeztu dute arraun lehia Zumaiako Arraun Elkarteko ordezkariek eta Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagak, eta asteburuan hiru bandera jokoan izango direla jakinarazi dute. Alde batetik, berrikuntza moduan larunbatean lehen aldiz beterano mailako bandera jokatuko da, 16:30etik aurrera. Bestetik, igandea izango da egun handia, eta TKE eta Euskotren ligetako estropadak jokatuko dira eguerdi partean.
Emakumezkoen lehia 12:00etan puntuan hasiko da, eta Euskotren Ligako 5. proba puntuagarria izango da. Zumaiarrak «oso gustura» daude, etxeko traineruak jokatu dituen estropada guztiak irabazi dituelako. Gorriek Zumaian erabakita utz dezakete Euskotren Liga, aurreikuspenak bete eta bosgarren estropada irabazten badute. «Zumaiako emakumezkoen traineruak oraindik ez du etxeko bandera inoiz irabazi, eta animoak eman nahi dizkiegu aurten lehen aldia izan daitekeelako».
Gizonezkoen lehiaketa ere estropada berezia izango da etxeko mutilentzat. Izan ere, «azken jardunaldietan gora» egin dute, eta aurrerantzean haien helburua Pedreñarengana hurbildu eta San Miguel Ligako 10. postua lortzea izango da.
Boluntarioei eskerrak
Zumaiako Arraun Elkarteko ordezkariek estropada antolatzen laguntzen duten boluntario guztiei eskerrak eman dizkiete estropadaren aurkezpenean. «Zumaiako estropada 28 urtetan zehar indarra hartzen joan da, eta aurten ere arraunzaleei estropadez gozatzera etortzeko deia egin nahi diegu. Hau ezingo litzateke antolatu boluntarioen laguntzarik gabe», azaldu du Aitor Manterolak, Zumaiako Arraun Elkarteko zuzendaritzako kideak. «Gu elkarte xumea gara, eta Zumaiako Udaleko teknikari, langile eta herriko boluntarioen laguntzarik gabe ezingo genuke estropada antolatu».
Horretaz gain, Zumaiako Udalak arraunaren alde egin duen apustua ere nabarmendu du Luis Mari Osa elkarteko presidenteak. «Krisi garaian gaude, eta oso garai zaila dugu. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu Zumaiako Udalari, oro har Zumaiako kirolaren alde, eta bereziki arraunaren alde egiten duen lanagatik». Zumaiako alkate Iñaki Agirrezabalagaren iritziz estropadek «giro berezia» sortzen dute herrian, eta Zumaia Euskal Herri osoan zehar ezagutarazteko aukera aproposa izaten da».