Amabirjinetako zekorketak (Gaizka Otamendi)
Deialdia egin du Zestoako Udalak, amabirjin jaietan zekorketak antolatuko dituen zezenzale talde bat osatzeko. Orain arte Buruzuri elkarteak antolatzen zituen, baina azken egunetako tirabiren ostean, ez dute lortu hark eta udalak ados jartzea. «Buruzuri elkarteak hainbat eskakizun egin dio udalari, baina zoritxarrez ez da posible izan ados jartzea», adierazi du Ruben Alberdi alkateordeak.
Zekorketak egiteko dataren eta zezen kopuruaren inguruan jarrera kontrajarriak agertu dituzte bi aldeek. Zestoako Udalak zekorketak ostiralean eta igandean egin nahi ditu, baina antolatzaileek larunbatean eta igandean egitea proposatu dute. Zezen kopuruari dagokionez, udalak ez du onartu lau zezen baino gehiago toreatzea.
«Udalaren borondatea izan da zekor-ikuskizunak urteroko irizpideei jarraituz egitea, eta antolaketa, urtero bezala, Buruzuri elkarteari eskaintzea», argitu du. Udalak «positiboki» baloratu du orain arte elkartearekin izandako harremana. Eta horretan oinarrituta, «konponbidera iristeko esperantza» zuela azaldu du. «Baina tamalez, ez da posible izan». Udaleko bi taldeetako —Bildu eta EAJ— ordezkariek bilera egin zuten zezenzaleekin joan zen astean, eta asteartera arteko epea jarri zuten elkarteak behin betiko erantzuna eman zezan. Buruzuri elkarteko kide Gorka Unanuek egunkari honi adierazi dionez, idatzi bat helarazi diote udalari, eta bertan berretsi dute zekorketetan bost zezen toreatzeko asmoa. «Aurtengoa salbuespena izango dela nabarmendu diegu, Adolfo Rodriguez ganadutegiak bi zezen oparitu baitizkigu. Beraz, zezen bat gehiago izatea aurtengo kontua soilik izango litzateke».
Kopuruak kopuru, bi aldeak ez dira ados jarri azkenean, eta udalak deialdia zabaldu du zekorketak antolatu nahi dituztenek horretarako taldea osa dezaten. «Iaz zekorketen inguruan egin zen galdeketan oinarrituz egin dugu deialdia. Galdeketan onartu bezala, udalak plazako azpiegiturak jarriko dizkio eta babes legala emango dio zekorketak antolatzen dituen taldeari». Dena den, udalak berretsi du «zuzenean» ez dituela antolatuko zekorketak. «Gainontzeko festa ikuskizunen antolaketarekin egiten duen bezala, herriko elkarteen esku utziko ditu zekorketak ere».
Buruzuri elkarteak, bere aldetik, udalaren «erabaki ofizialik» ez duela jaso jakinarazi du. Dena den, nabarmendu du «ahalegina» egin duela zekorketak antolatzeko, eta horretarako hainbat proposamen jarri duela mahai-gainean jakinarazi du. «Errespetatzen dugu udalaren erabakia», gehitu dute kideek. Zestoako Udalak bilera egingo du hilaren 30ean, 13:00etan, udaletxean, eta ekimena antolatzeko taldean parte hartu nahi duenak bertara joan beharko du.