Erdikaleko hainbat lokaletan jarritako argazkiek herritarren arreta eragin dute. (Nerea Uranga/Hitza)
Azpeitiko Alde Zaharra biziberritzearen alde hainbat ekimen eta lan egiten ari dira azkenaldian, bai Azpeitiko Udala eta baita beste hainbat eragile ere. Orain, berriz, udalak beste proiektu bat abiatu du: hutsik eta «utzita» zegoen hainbat lokaletako erakusleihoak garbitu, txukundu eta herriko argazki zaharrekin apaintzeari ekin dio. Argazkiak erakusleihoetan jarri ahala, herritarren arreta ere piztu du.
Izan ere, Erdikalean herenegun jarri zituzten batzuk, eta hainbat herritar ikus zitekeen erakusleihoen aurrean geldituta, irudiei begira. Udalaren arabera, horixe izan da ekimenaren asmoa, «kaleak erakargarriago» egitea. Hutsik dauden lokaletako erakusleihoetan jarri dituzten irudiek hainbat gairi lotutakoak dira: Oargik antolatutako gazte egunekoak, sokamuturrekoak, gerra garaikoak... Erdikaleko hamar bat lokaletako erakusleihoak apaindu dituzte dagoeneko.
Azpeitiko Udalak argazkiak utzi dituztenei, aukeratzen lagundu dietenei eta hutsik dauden lokalen jabeei eman helarazi dizkiete, eta, bereziki, Azpeitiko Argazki Elkarteko kideak eskertu ditu. Aurrerago ere, Alde Zaharreko merkatari gunea suspertzeko era honetako egitasmo, ahalegin eta ekimenek jarraipena izango dutelakoan daude udaleko arduradunak.
Biziberritzea «erronka»
Alde Zaharraren biziberritzea Azpeitiko Udalaren «erronka garrantzitsuenetako bat bihurtu» da. Erronka horretan dagoeneko hainbat pauso eman du udalak. Besteak beste, Alde Zaharreko hiru gunetan lanak hasita ditu maiatzaren erdialdetik, eta toki horietako lan guztiak irail bukaera alderako amaitzea espero dute udal arduradunek. Olazko Andre Mariaren plaza oinezkotu egin dute, eta Errebalaren ibai aldeko kalean autoentzako aparkalekuak eraiki. Horretarako, 170.000 euro aurreikusi ditu. Bestetik, Foru Ibilbidean oinezkoentzako pasabidea egin, eta espaloia zabalduko dute, kalea oinezkoentzako erosoago egiteko. Lan hauek 625.000 euroko aurrekontua dute.
Done Jakue kalean, berriz, haurrentzako jolas parke berria eraikitzen ari dira. Saninazioetarako, datorren asterako, haur parkearen zati handi bat bukatuta egongo dela azaldu du udalak, 6 eta 12 urtera arteko umeentzeko jolas berriekin atonduta. Baina festak bukatu ostean parkeak hartuko duen gune berriko lanak hasiko dituzte, Frontoi Txikia bitartekoak. Tarte horretan 0 eta 6 urte artekoentzat jolasak jarriko dituzte. Orotara, Done Jakueko lanek 220.000 euroko aurrekontua dute.
Baina Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, parkeko jolasen hautaketa prozesuan jasotako ekarpenen artean, Done Jakueko parke berria estalia izatea eskatu zuten. Hori dela eta, udala parkea estaltzeko aukerak eta proiektuak aztertzen ari da.