Boluntarioak, hego-mendebaldeko eremuan lanean (Ane Olaizola/Hitza)
Munoandi Azkoitiko eta Azpeitiko aztarnategian duela 2.500 urteko arrastoen bila dabiltza azken egunotan. Euskal Herriko, Kataluniako, Espainiako eta Venezuelako hogei boluntario inguruk
dihardu horretan. Multzotan banatuta, atxurrarekin lurra mugitzen ari dira, eguzkipean, isi-isilik, altxorra noiz aurkituko zain.
Zortzigarren urtez ari dira Munoaundi herri harresituan indusketak egiten, Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean. Boluntario gisa aritzen diren ikasleen, zaleen eta adituen lanari esker hamaika arrasto aurkitu dituzte azken urteetan. Aurreko urtean Munoaundiko eguneroko bizimodua argitara eramateko asmoz zabaldu zuten hegomendebaldeko eremuan ari dira lanean horietako asko.
«Indusketak egiteko koadro berriak zabaldu ditugu, bertan etxebizitzak egongo baitira. Hamar zentimetroko geruza kentzen dute, eta bertan agertzen den materiala koordenaden bidez zehazten dute. Ondoren, beste geruza batekin hasten dira», azaldu du San Josek. Iaz, lehenengo urtea izanik, ez zuten etxebizitzarik aurkitu. «Zeramika eta metalezko piezak, labana bat eta arma baten beheko punta aurkitu ditugu». Zuzendariaren arabera, «material kontzentrazio handia» egon daiteke bertan.
Beste lagun batzuk duela zazpi urte hasitako herrixkarako sarbidean ari dira lanean. Horiek ere erabat kontzentratuta daude euren zereginetan. Horietako batek plano bat du eskuan, eta begiradapean duen eremuko harri guztiak paperean marrazten ditu, pazientziaz beteta. Hango planoa ari dira osatzen, eta urtez urte aurkikuntza garrantzitsuak egin dituzte. Besteak beste, harresiaren barneko horma ikus daiteke han. Haren goikaldeko kanpoko pareta bi metrora egongo dela uste dute, eta horretan ari dira lanean. Dagoeneko zati bat aurkitu dute.
Aztarna kontzentrazio handia
San Josek nabarmendu duenez, Munoaundi leku estrategikoa zen orduko biztanleentzat. Muinoaren gainean kokatuta, bailararen zati bat zuten kontrolpean. «Garai haietan leku altuetan bizi ziren, babesa eta kontrola oso garrantzitsua zelako haientzat». Herri harresituaren garaiko beste hainbat aztarna ere aurkitu dute inguruan. Txalintxon eta Azkoitiko Altamiran, besteak beste. «Burdin Aroko zeramikak aurkitu genituen Altamiran, duela urte batzuk katak egin genituenean. Munoaundirekin lotura izango zuela uste dugu; Munoaundi bizilekua zen, eta Altamira lantoki gisakoa izango zen». Egun, etxebizitzak daude eraikita eremu horren gainean. San Josek ohartarazi du «aztarna kontzentrazio handia» dagoela han inguruan.
Zazpi hektarea hartzen ditu Munoaundik, eta ondare kultural izendatu dute. Gipuzkoan aukirtu dituzte hamar herri harresituetako bat da, eta Iraurgi Lantzen garapen agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azkoitiko eta Azpeitiko udalen finantziazioari esker ari dira indusketetan. Hango ondarea herritarrei zabaltzea da helburuetako bat, eta horretarako bisita gidatua egingo dute larunbatean. 11:30ean Azkoitiko Kukuerri aterpetxeko aparkalekuan elkartuko dira, eta oinez joango dira aztarnategira. Dena den, ezinduentzako auto bat eskainiko dute.
Aurten hesia jarri dute indusketen eremuan. «Motorzaleak ibiltzen dira, eta askotan kalteak eragiten dituzte». Hala, eremuaren berri emateko panel informatiboak jarriko dituzte han.