AHTaren aurkako hainbat ekimen egingo dute uztailaren 29an, Zarautzen

Urola Kostako Hitza 2013ko uzt. 23a, 11:31

Mugitu! mugimenduak Abiadura Handiko Trenaren aurkako bizikleta martxa desobeditzailea  antolatu du. Ostegunean abiatuko dute Altsasun eta abuztuaren 1era bitartean iraungo du, ibilbidea Donostian amaitzen dutenean. Tartean herri askotatik igaroko dira parte-hartzaileak, tartean Zarauztik. AHTa salatzea du helburu mugimendu horrek, "oraingoan bereziki amalurraren alde eginez": "Pedalei eraginez, lurraren defentsan aritzen diren beste hainbat talderekin elkartuko gara, AHTaz gain beste proiektu txikitzaileak salatuz, fracking-a, autobide elektrikoak, erraustegiak, Gaintxurizketako plataforma logistikoa eta Jaizkibelgo superportua, besteak beste. Izan ere, AHTa zein beste hainbat azpiegitura lan handiren eraginez, izugarrizko triskantzak ari gara pairatzen. Lurra babestu beharrean, deuseztatzen ari gara". Horrez gain, "beste hamaika arrazoi" dute Mugitu!-koek AHTa salatzeko: krisi ekonomikoa, esaterako. "Hego Euskal Herrian AHTaren obretan 10.000 milioi euro xahutzea aurreikusita dago, eta halako zifrak ulertezinak dira jende ugari kale gorrian dagoela ikusita". Konponbidea "ekonomia zein gizarte jardueren ardatz gisa herria eta eskualdea izango duen ereduaren sorreratik" helduko dela nabarmendu dute, "ingurumenarekin eta herrien artean harreman orekatuagoak bilatuz": "Amaitu da garraioen arloan beti hurrunago, beti azkarrago eta beti mugikorrago leloaren garaia. Azken aldian AHTaren egitasmoaren zentzugabekeria ageri-agerian geratzen ari da. Krisi sozioekonomikoaren eta hondamendi ekologikoaren larritasunaren aurrean norabidez aldatzen ez badugu, ihesbide kirminala da erabat". "Lurraren aldeko herri borrokari eta AHTa geldiarazteko desobedientziari eusteko" hainbat ekimen egingo dute Zarautzen. Hain zuzen, uztailaren 29ean, astelehenean AHTaren aurkako "tartalari" auziperatuekin elkartasun ekintza egingo dute, herriko surflarien parte hartzearekin. 18:00etan izango da hori, hondartzan. 19:30ean, tarta jaurtiketa postua jarriko dute Musika Plazan. La jodedera musika taldearekin kalejira egingo dute gerora eta 21:30etik aurrera afaria gaztetxean. Eguna borobiltzeko, Mugitu! eta AHTaren aurkako borrokari buruz solasaldia egingo dute. Hurrengo egunean, hilaren 30ean 09:30ean bizikletak furgonetan sartu eta trenean abiatuko dira Hernanira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide