Espainiak helegitea aurkeztuko du Bruselaren erabakiaren aurka

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 23a

berria.info

Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztuko du tax lease sistemaren inguruan Europako Batzordeak lehengo astean hartutako erabakiaren aurka. Jose Manuel Soria Industria ministroak atzo iluntzean ontzigintza sektoreko eragileekin egindako bileraren ondoren eman zuen erabakiaren berri: EAEko, Asturiasko eta Galiziako gobernuekin, Pymar patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin batera helegitea aurkeztuko du, irailaren 28aren aurretik. Eusko Jaurlaritzak, ordea, arratsaldean ohar batean azaldu zuen ez duela helegitearen bidea hobesten, eta ez aurkezteko eskatu zion Industria Ministerioari, baldin eta ezin badu bermatu helegiteak diruaren itzulera geratuko duela. Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziolak ere iritzi horretakoak direla esan zion Iñigo Urkullu lehendakariak Soriari. Jaurlaritzak bilera baino lehen kaleratutako ohar baten arabera,Urkulluk telefonoz hitz egin zuen Soriarekin, agenda kontuak zirela-eta ezin izan zuelako Madrilen deitutako bilerara joan. Bileraren aurretik, Soriak nabarmendu zuen sektorearen iritzia jakin nahi zuela eta harekin adostasunean hartuko zituela hartu beharreko hurrengo erabakiak. Galizia eta Asturiasko ordezkariekin eta patronal eta sindikatu batzuetako ordezkariekin bildu zen ministroa. Soriak gobernuak helegitea jartzeko asmoa zuela esan zuen Bruselaren erabakia ezagutu berritan, eta hala egingo dute azkenean. Hainbat sindikatu eta patronaletako ordezkariek egunean zehar egindako adierazpenetan, helegitea jarri baino gehiago laguntzen auzia «lehenbailehen» ixteko eskatu zioten Madrili. Nork zer zor duen erabaki dezala alegia. Behin eragile guztientzat —ontziola, ontzijabe eta finantzatzaileak— egoera argi dagoenean, sektoreak behar dituen kontratu berriak lortzeko aukera izango dela espero dute. Ramon Sarmiento CCOOko ordezkariaren esanetan, Tax lease sistemaren auzia «ahalik eta azkarren» ixtea komeni da, inbertitzaileen eta ontzijabeen konfiantza berreskuratzeko. « Ez dugu nahi erabakiak hartu bitartean kalteak areagotzea». Sarmiento bere sindikatuko EAEko, Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako ordezkariekin bildu zen atzo, Bilbon. Azaldu zuenez, Europak tax lease sistema ezbaian jarri zuenetik sei ontziola itxi dituzte. Galiziako ontziolen patronalak ere antzeko mezua helarazi zion Madrili. Dirua zeinek eta zein modutan itzuli behar den azkar argitzea nahi dute haiek ere. Modu horretan etorkizuneko kontratuak adosten jarraitzeko aukera izango luketela uste dute. Kritikak Eusko Jaurlaritzari Eusko Jaurlaritza atzoko bileran ez izana kritikatu egin dute EAEko PPk eta PSE-EEk. «Agenda arazoengatik» ezin izan zuen Madrilera joan Iñigo Urkullu lehendakariak. Arantza Tapia Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasunerako sailburua, berriz, «kanpoan» da aste osoan. Arantza Quiroga EAEko PPko presidenteari «harrigarria» iruditzen zaio, «Jaurlaritzak Euskadiren aulkia hutsik utzi izana». Lehendakariari «inplikatze handiagoa» eskatu dio Quirogak: «Hau al da Urkulluk herritarren interesak defendatzeko duen modua?». Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramailearen arabera, ez da lehen aldia lehendakariak bere agenda «gaizki» kudeatzen duena: «Harrigarria da Euskadik Europan behar duen presentzia etengabe aldarrikatzen duenak bere erantzukizunak ez betetzea». Jaurlaritzak ohar batean azaldu du Urkulluk hiru data proposatu zituela bilerarako, baina justu ezin zuen egunean jarri zuela azkenean Politikariak, patronala eta sindikatuak bileraz bilera dabiltzan bitartean, Bruselaren erabakia salatzeko protestak egiten ari dira langileak. Lehengo ostegunean, Sestaon egin bezala, Barakaldoko Udalak elkarretaratze bat deitu du gaur arratsalderako (19:30), Herriko Plazan. Naval Sestaoko ontziolako langileen batzordearen ostiralean igorritako oharrarekin bat egin dute udalean ordezkaritza duten talde guztiek: PSE-EEk, EAJk, PPk, Bilduk eta Ezker Anitzak. Besteak beste, ontzigintza sektorea «sektore estrategikotzat» jotzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Jaurlaritzari, berriz, ontziolekin, sindikatuekin eta Euskal Herriko Itsas Foroarekin «plan bateratu bat» egiteko eskatu diote, «euskal ontziolen alde».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide