Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko EAJk agintaldi erdiaren balorazioa egin du, eta Azkoitiko Udal Gobernuaren «kudeaketa eza» salatu du. Joan zen ostiralean egindako prentsaurrekoan, Azkoitia Lantzen-en egoera izan zuten hizpide, baina baita bestelako arloak ere. Hauteskundeetarako aurkeztutako udal programatik «ia ezer» ez dutela egin leporatu zien Bilduri, eta beste hainbat proiektu atzeratuta daudela gaineratu zuten; «brigadak erabiltzeko makina erosten bi urte pasatu izanak herriko baserri eta auzo bideak bi urtez garbitu gabe egotea eragin du; gainera, apirilerako esleituta egon behar zuten musika eskola berriko lanak oraindik ez dira hasi». Horrez gain, gogoratu zuten Baztartxo «urtebetez» dagoela kontraturik gabe, eta San Jose egoitzako estatutuak bi urtez daudela «aldatzeko asmoarekin».
Udal Gobernuak egindako adierazpenei erantzunez, adierazi zuten azken urteetan «ekarpenak» egin dituztela udalean: «Udal Gobernuak dio isilik egoten garela, baina gogoratu nahi dugu agintean daudenak beraiek direla, eta beraiek egin behar dutela udal kudeaketa».
Halaber, alderdiak egindako ekarpenak kontutan hartu ez dituztela leporatu die Bilduri: «Merkataritza sustatzeko egin ditugun proposamenak ez dituzte kontutan hartu bi urtetan; EAJko zinegotziek emandako ultimatuma dela eta, alderdi honek hartu du Merkataritzak delakogoko hainbat puntu aurrera eramateko ardura, eta herriko hainbat merkatariekin batera banan bana biltzen ari gara proiektuaren helburuak adierazteko». Era berean, euskara batzordean egindako dekalogoarekin «ezer» ez dela egin salatu dute.
EAJk aurrera begira dituzten helburuak azaldu ditu; «ekonomia eta herriko merkataritza sustatzea» izango dute ardatz; era berean, ongizate maila «mantentzeko» eta herriko zerbitzuak indartzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute.