Azkoitia Lantzen-en ondarea babesteko asmoz, neurriak hartu ditu udalak

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 23a

Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek Azkoitia Lantzen udal sozietate publikoak egun duen ondarea baloratu dute, eta Agem aholkularitza enpresak kontuak ikuskatu eta egoeraren diagnostikoa egin du. Besteak beste, Azkoitia Lantzen-en inbertsioak eta betebeharrak aztertu, eta ondarea ezagutara eraman dute teknikariek. Erakundearen egoera «larria» dela eta, haren ondarea eta inbertsioak babesteko neurriak hartu ditu udalak. Azkoitiko udalbatzak joan zen osteguneko plenoan onartu zituen neurriak (Ane Olaizola/Hitza) Sozietate publikoaren zalantzazko etorkizuna bermatzeko asmoz onartu zituzten neurriok joan zen ostegunean egin zuten ezohiko udalbatzarrean. Lehenengo neurriak Elkargune kirol eta kultur ekipamenduen eta Ugarte-Igarango estali gabeko igerilekuen egoerari dagokio. Onartu duten neurriaren bidez bi eraikinen titulartasuna Azkoitiko Udalarena dela adierazi dute, eta hala erregistratuko dute 2019an. Izan ere, horiek eraikitzeko prozeduran «irregulartasunak» aurkitu dituzte ikuskariek. Kiroldegiko lanak hasi zituztenean, azalera eskubideak utzi zizkion udalak Azkoitia Lantzen-i, «BEZ desgrabatzeko asmoz». Kiroldegia 50 urtetarako utzi zion, eta igerilakua 10 urterako. Horretarako, ordea, beharrezkoa zuten bi eraikinak jabetza erregistroan izena ematea, eta udalak jakinarazi duenez, «ez zuten halakorik egin». Hala, adierazi dute akordioa ez dela «formalki» gauzatu, eta bi eraikinak babesteko asmoz erregistratuko dituzte sei urte barru. Izan ere, udalak adierazi du orduan lortuko dutela bi erakundeek «egoera ekonomiko orekatua», Elkarguneak Azkoitia Lantzen-i ordaindu beharreko alokairua orduarako amaituta izatea aurreikusten baitute. Urtero 114.622 euro ordainduko diozkio Zubiaurre-Elkargune institutuak Azkoitia Lantzen-i. Neurri honen bidez, berretsi nahi dute bi ondasun horiek udalarenak direla, zerbitzu publikoekin lotutakook babeserako lege berezia baitute. Udal Gobernuak azaldu du Azkoitia Lantzen operazio urbanistiko «askotan» sartu zela 2006az geroztik, eta orduan egiten zituzten jardueretan hainbat betebehar adosten zuela erakundeak. Horietako bat zen salerositako eremuetan aprobetxamenduaren %15 udalari ematea, eta exekutatzeko lanen obligazioak euren gain hartzea. Dena den, txostenek ebatzi dute 2006an onartu zituzten akordioak ez zituztela aintzat hartu. Hori hala, adostu dute gauzatu ez diren aprobetxamenduak—Intxausti eremuan, kasu— bertan behera utziko dituztela, eta Txalon Errekan, Eginoberrin, Urrategi bidean eta Basarten zehaztutako aprobetxamenduak «betetzat» jo ditu udalak. Hirugarrengo neurria Azkoitiko Udalaren eta Azkoitia Lantzen-en arteko fluxu ekonomikoari dagokiona da. Bi erakundeek dituzten eskubide eta obliglazioak likidatzea adostu dute. Hori hala, udalak Azkoitia Lantzen-i 25.372,58 euro ordaindu beharko dio. Egoera bat, irakurketa asko Azkoitia Lantzen-en egoera «larria» dela berretsi du udalak. Izan ere, teknikoek egin dituzten azterketen arabera, ebatzi dute honen etorkizuna «bitartekari askok» baldintzatzen dutela. Beraz, gutxiengo funtzionamendurako gastuetatik harago likidazio arriskuan dagoela ohartarazi dute. Joan zen ostegunean onartu zituzten neurriok, Bildu eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin eta EAJ eta PSEren abstentzioarekin. Azkoitia Lantzen-en egoerak eztabaida sortu zuen alderdien artean; Udal Gobernuak berretsi zuen aldundiak eta Agem aholkularitzak ebatzi duela Azkoitia Lantzenek aurreko legealdietan egin zituen jarduerak «dimentsio handikoak eta arriskutsuak» zirela; azpimarratu zuten, besteak beste, «eskaintza hondagarria» eta «16.000 biztanleko hiria» sortu nahi zutela. «Eredu kapitalista» horren aurka daudela berretsi zuen koalizioak; gainontzeko alderdiek, berriz, Udal Gobernuari leporatu zioten «denbora gehiegi» pasatu dutela kontuak aztertzen; PSE, gainera, desados agertu zen neurrekin; hiru urtetan «agonian» egotea baino, likidazio egoera aitortzea proposatu zuen zuen taldeko bozeramaile Miguel Reimundezek. EAJk, bestetik, ez zuen «balorazio politikorik» egiterik nahi izan osoko bilkuran: «Aurrekoek jakingo dute zer egin zuten urte horietan», adierazi zuten. Hurrengo egunean egin zuten prentsaurrekoan adierazi zuten sozietatearen egoerari buruz duten iritzia; esan zuten Azkoitia Lantzenek dituen aktiboek egungo konpromisoei aurre egiteko «nahikoa maniobra fondo» duela, txostenei erreferentzia eginez. Zentzu horretan, «kudeaketarik» ez egitea leporatu zien Udal Gobernuari. Aurreko bi legealditan Azkoitiko alkatea izan zen Asier Aranbarrik, bere aldetik, orduko kudeaketaren inguruko azalpenak emango ditu irailean, hango kontseilarien aurrean, berak egindako eskaerari erantzunez. Udal programatik «ia ezer» ez egin izana leporatu dio EAJk Bilduri Azkoitiko EAJk agintaldi erdiaren balorazioa egin du, eta Azkoitiko Udal Gobernuaren «kudeaketa eza» salatu du. Joan zen ostiralean egindako prentsaurrekoan, Azkoitia Lantzen-en egoera izan zuten hizpide, baina baita bestelako arloak ere. Hauteskundeetarako aurkeztutako udal programatik «ia ezer» ez dutela egin leporatu zien Bilduri, eta beste hainbat proiektu atzeratuta daudela gaineratu zuten; «brigadak erabiltzeko makina erosten bi urte pasatu izanak herriko baserri eta auzo bideak bi urtez garbitu gabe egotea eragin du; gainera, apirilerako esleituta egon behar zuten musika eskola berriko lanak oraindik ez dira hasi». Horrez gain, gogoratu zuten Baztartxo «urtebetez» dagoela kontraturik gabe, eta San Jose egoitzako estatutuak bi urtez daudela «aldatzeko asmoarekin». Udal Gobernuak egindako adierazpenei erantzunez, adierazi zuten azken urteetan «ekarpenak» egin dituztela udalean: «Udal Gobernuak dio isilik egoten garela, baina gogoratu nahi dugu agintean daudenak beraiek direla, eta beraiek egin behar dutela udal kudeaketa». Halaber, alderdiak egindako ekarpenak kontutan hartu ez dituztela leporatu die Bilduri: «Merkataritza sustatzeko egin ditugun proposamenak ez dituzte kontutan hartu bi urtetan; EAJko zinegotziek emandako ultimatuma dela eta, alderdi honek hartu du Merkataritzak delakogoko hainbat puntu aurrera eramateko ardura, eta herriko hainbat merkatariekin batera banan bana biltzen ari gara proiektuaren helburuak adierazteko». Era berean, euskara batzordean egindako dekalogoarekin «ezer» ez dela egin salatu dute. EAJk aurrera begira dituzten helburuak azaldu ditu; «ekonomia eta herriko merkataritza sustatzea» izango dute ardatz; era berean, ongizate maila «mantentzeko» eta herriko zerbitzuak indartzeko lanean jarraituko dutela berretsi dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide