Behetik gora, Mikel Emezabal, Jasone Etxebeste, Carlos Casado eta Marixi Sesma. (Argazkia: Urval Ensemble)
Urval Ensemble klarinete laukoteak entsegu irekia egingo du gaur arratsaldean, 20:00etan hasita, Valentin Manterola margolariaren estudioan. Iaz ere gauza bera egin zuten data inguru hauetan, Ameriketako Estatu Batuetako Clarinet Fest 2012 batzarrerako prestaketa modura. Orain, ordea, ez dute Atlantikoa zeharkatuko, baina nazioarteko batzar horretan hartuko dute parte berriro ere. Italian izango dira, Assisi hirian, etaostiralean eskainiko dute kontzertua.
«Iaz entseguak ongi funtzionatu zuen, eta aurten errepikatzea erabaki dugu. Xarma berezia du, egia esan. Gainera, musika eta pintura uztartzea polita da», aditzera eman du Urval Ensemble taldeko kide eta Zumaiako Udal Musika Bandako kide Marixi Sesma zumaiarrak. Entsegu irekia izanik, sarrera doakoa izango da, baina aretoa handia ez denez, 50 lagun ingururentzat baino ez da egongo tokia.
Jesus Guridi oinarri
Zumaiako Klarinete Maratoiak elkartu zituen Urval Ensemble taldeko lau kideak: Marixi Sesma, Mikel Emezabal, Carlos Casado eta Jasone Etxebeste, hain zuzen ere. Proiektua hezkuntza-egitasmotik abiatu bazuten ere, duela hiru urte inguru ibilbideari serio heltzea erabaki zuten, eta Aita Donostiaren piezak, eta, oro har, euskal kulturako abestiak euskal eremu geografikotik kanpo hedatzeari ekin zioten.
Orain, hainbat emanaldiren ondoren, errepertorioa berritu dute. «Aita Donostiarekin halako ibilbide bat osatu dugu, eta orain beste musikagile bat hartu dugu ardatz gisa: Jesus Guridi (1886-1961). Azken finean, euskal musikagintzak baditu beste erreferente batzuk, pixka bat ezagunak direnak, eta horiek ere zabaldu nahi ditugu», dio Sesmak.
Guridiren
Basque melodies lana aurkeztuko dute Italiako batzarrean. Konposizioa hamar melodiaz osatuta dago, baina gaurko entseguan horietako hiru baino ez dituzte interpretatuko; hau da,
De Ronda,
Religiosa,
Amorosa eta
Festiva. Guridiren piezak jatorriz orkestrarako direnez, taldeko kide eta Zumaiako Udal Musika Banda zuzendari Mikel Emezabalek moldatu ditu klarinetera. Errepertorioa osatze aldera, Patrik Hiketick musikagile herbeherearraren
3 latin dancers joko dute, bai Italian bai Zumaian.
Clarinet Fest klarinetearen inguruan nazioartean egiten den ekitaldi garrantzitsuena da. «Norbere lana ezagutzera emateko ezinbesteko topalekua da», nabarmendu du taldekideak. Alde horretatik, bigarren urtez bertan egotea «sekulako arrakasta» dela azaldu du, inolako zalantzarik gabe. «Berez gonbidatu egin behar zaituzte, aurretik egindako eskaera onartuta, eta bigarrenik aukeratzea egundokoa da».
Lehiaketako finalista
Sesmaren parte-hartzea ez da Urval Ensemble taldearekin ostiralean duen kontzertura mugatuko. Batzar horretan hainbat lehiaketa egiten dituzte, eta, maila indibidualean, orkestrako soloen lehiaketan ariko da. Guztira, sei musikari aukeratu dituzte finalerako, eta musikarietako bat klarinete-jotzaile zumaiarra izango da. «Epaimahaiak esango digu egunean bertan finalista bakoitzak zein pieza jo behar dien zuzenean», azaldu du. Lehiaketa etzi izango da,
Urval Ensemble taldearen kontzertu bezperan.