Oriotarrak, larunbatean, Iberdrola bandera irabazita (Argazkia: Joxemari Olasagasti)
Tostako arraunketan Urola Kosta marka da erregea, traineru estropaden denboraldiaren ekuatorera iristear denean, Orioko gizonezkoen traineru nagusia TKE Ligako eta Zumaia Salegi
Jatetxea Euskotren Ligako liderrak baitira. Mendetan zehar eskualdeko kostaldean jorratu eta garatu den arraun tradizioa fruituak ematen ari da 2013 denboraldian.
Asteburuan esaterako hiru izan dira eskualdeko traineruek irabazi dituzten banderak. Alde batetik, larunbatean Orioko traineru nagusiak Iberdrola Bandera irabazi zuen, Pasai Donibanen, erlojuaren aurkako estropadan. Emakumezkoen traineruak Gipuzkoako Ligarako proba puntuagarria jokatu zuten Pasaian bertan, eta zumaiarrentzat izan zen garaipena.
Bestalde, atzo ere zumaiarrek ez zuten hutsik egin, eta Zumaiako emakumezkoen traineruak, beste behin, Euskotren Ligan nagusi direla erakutsi zuten. Oriotarrak hirugarren izan ziren etxeko estropadan, baina Kaikuri ziaboga ematerakoan arrauna balizan kateatuta geratu zitzaiolako laugarren postuan sailkatu zen, eta, sailkapen nagusian 91 puntutan berdinduta, TKE Ligako lidertza lortu dute oriotarrek. «Pozez zoratzen gaude. Liga ez zegoen gure helburuen artean, baina lehen postuan sailkatzea lortu dugunez, gogor borrokatuko gara lidertza ez galtzeko», azaldu du Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak.
Zumaiarrek Euskotren Ligako azken bi estropadak irabazi dituzte. Irudian, igandean Orion banderarekin
Talka Orioko uretan
Arraunez betetako asteburua izan da pasa dena. Orion Bisiguaren Festaren baitan jokatu dira larunbatean KAE 1 Ligako estropada eta igandean TKE eta Euskotren ligetako estropadak.
Dena dela, sentipen gazi-gozoa izan zen nagusi larunbatean etxean bertan, Orioko zaleen artean. Izan ere, Orio B trainerua estropadatik kanpo utzi zuen epaileak lehen txandaren buruan zihoanean.
Eguerdi partean zaletu ugari bildu zen Orioko barra inguruan etxeko bigarren taldearen estropada ikusteko, eta asko izan ziren norgehiagoka hondartzatik bertatik jarraitu zutenak ere. Estropadako lehen txandan lehia polita ikusteko aukera izan zuten arraunzaleek, oriotarrek Elantxoberen aurka norgehiagoka estua jokatu baitzuten. Oriotarrak ziren estropadaren buruan, eta azken luzean lehen kalera sartu ziren; Elantxoberen kalera, hain zuzen ere. Elantxobe bere lana egiten ari zen, Orio gertutik jarraituz, eta oriotarrak helmugara iristeko metro gutxi falta zirenean eta estropada irabaztear zirelako oriotarrak txaloka ari zirenean, Elantxobek norabidea aldatu zuen, eta oriotarren ontziaren aurka joan zen. Talka Elantxoberen kalean gertatu zenez, epaileek Orio B ontzia estropadatik kanpo utzi zuten.
Segundo gutxitan lau puntu eskuratzear izatetik punturik gabe geratu ziren oriotarrak. Orioko Arraun Elkarteko presidentearen esanetan, estropadan gertatu litekeen istripua da hori. «Egia da Elantxobek maniobra arraro samarra egin zuela helmugara iristen ari zenean, eta gure kontra etorri zela. Dena dela, araudia jarraitu zuen epaileak, eta horren arabera talka bi ontzietako baten kalean gertatzen bada, bestea zigortu beharra dago. Pena izan zen, baina arrauna horrela da, eta datorren estropadan pentsatu behar dugu orain».
SAILKAPEN OROKORRAK.
TKE LIGA
- 4. Hondarribia. 77 puntu.
- 7. Portugalete. 64 puntu.
EUSKOTREN LIGA