Etxerat: "Senide izateagatik kondenatzen gaituzte"

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 22a

Elkartasun Eguna, Zarautzen atzo. Etxerat Euskal preso eta iheslarien senide eta lagunek "pairatzen duten sakabanaketa politika" salatu zuten atzo herritarrek. Etxerat eta Herrirak deituta, elkarretaratze ibiltariak egin zituzten Zarauzko zein Euskal Herriko beste lau hondartzatan. "Zoritxarrez, 24 urte daramatzagu sakabanaketa pairatzen", adierazi zuen Etxeratek: "Oso gertutik ezagutzen ditugu horren ondorioak, lehenbiziko pertsonan. Kilometroak, istripuak, neke fisikoa, gastu ekonomikoa, belaunaldi ezberdinak egiten dituzten bidaiak... Errealitate hori oso gertutik ezagutzen dugu". Hori dela eta, "eskubide urraketa" hori salatzea "ezinbestekoa" da: "Senide izateagatik kondenatzen gaituzte eta zeresana daukagu". Hori dela eta, atzoko ekitaldiez gain, beste hainbat egingo dute datozen asteetan. Uztailaren 27an, larunbatean Etxerateko senide eta lagunek Euskal preso eta iheslariak etxera aldarrikatzeko ikurrak jarriko dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. Abuztuaren 1ean, ostegunean Azpeitiko Loiolako santutegian elkarretaratzea egingo dute. 10:00etan elkartuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide