Zarauzko Arte eta Historia Museoa egunero irekiko dute udan

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 19a

Santa Maria la Real Arkeologia eta Monumentu multzoa

 Arte eta Historia Museoak bere ordutegia zabalduko du udan, abuztuaren 31 arte: asteartetatik larunbatetara 10:00-14:00 eta 16:30-18:30 bitartean izango da zabalik eta igande eta jaiegunetan 16:30-18:30 artean. Astelehenetan itxita egongo da. Aztarnategiko bisita gidatuak ere eskainiko dituzte udan, 12:30ean eta 17:00etan.

 Bestalde, Zarauzko Alde Zaharra ezagutzeko bisita gidatuak eskainiko dituzte, asteartetatik larunbatetara 11:30ean. Ibilbide horretan Zarauzko eraikuntzarik esanguratsuenak" azalduko dituzte. Aipatutako bisita gidatu horietan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatu dute, 943-838281 telefonora deituta, info@menosca.com helbide elektronikora mezu bat bidalita edo museora bertara joanda.

Duela urte batzuk museoak urte osoan zehar "programa zabala" eskaintzen bazuen ere, azken urteotan "erabat murriztu" da. Orain dela gutxi arte asteartetik igandera irekitzen zuten museoa, eta hainbat jarduera antolatzen zuten, hala nola, aldi baterako erakusketak, "ondare interesgarria" duten tokietara irteerak, bisita gidatu bereziak eta antzeztuak, barduliarrak protagonistatzat zituzten eta historia berreraikitzen zuten Erromatar Jardunaldiak, tokiko artistak biltzen zituen ZarautzArt topaketak eta Alde Zaharrera bisitak.

Jarduera horiek "ia desagertzearen" arrazoi nagusia museoko aurrekontua "zorrotz murriztu" izan da. Santa Maria la Real aztarnategiko ikerketak ere bertan behera gelditu dira. Udan aztarnategia egunero irekiko da, baina udazkenean, neguan eta udaberrian astebukaeratan eta jaiegunetan soilik irekiko ditu ateak.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide