LAB sindikatua Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa desagerraraztearen aurka dago

Nerea Uranga 2013ko uztailaren 19a

Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoa.

Azpeitian dagoen Burdinbidearen Euskal Museoa Fundazioa desagerraraztearen kontra azaldu da LAB sindikatua. Horregatik, Fundazioa kudeatzen duten Patronatuko kideei desagarrarazteko erabakia "atzera bota" dezatela exijitu die sindikatuak, "lanpostuak bermatuz, Museoaren aldeko benetako apustua egin eta horretarako beharrezkoak diren pausu guztiak eman ditzatela" eskatuz. Azpeitian kokatuta dagoen Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioa kudeatzen duen Patronatuak ekainaren 26ko bileran, krisia dela eta aurrekontua murriztu eta Fundazioa desagertzeko erabakia hartu zuela azaldu zuen, Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa berriro EuskoTrenen parte izatera pasatuz. Fundazioaren Patronatuko buru Eusko Jaurlaritzako Garraio Saila da. Fundazioaren Patronatuaren erabaki hori salatzearekin batera LAB sindikatuak bere "kezka" azaldu du.

LABen iritziz Fundazioa desegiteko hartutako erabakia "ikuspuntu estrategiko batetik akatsa da, eta beste hainbatetan bezalaxe krisiari erantzuteko orduan egungo instituzioen noraeza erakusten duena". Burdinbidearen Museoaren proiektua indartzeko Fundazio bat sortu, diru publikoa inbertitu, proiektua martxan ipini eta bi urteren buruan bera desagertzeko erabakia hartzea "onartezina" da. LABen arabera, "proiektu berria oraindik garatzen ari da eta egindako inbertsioen emaitzak ikustear daude eta horrelako erabaki batek bi urteotan egindakoa "ezerezean" uzten du. Azken batean, egoera PSEren eta EAJren arteko "botere lehiak" eragin duela uste du sindikatuak.

Fundazioa desagerrarazteko erabakiaren berri emateko modua ere kritikatu du LABek. "Ekainaren 26ko bilera horretan Fundazioa desagertuko dela jakinarazteaz gain ez zuten beste inongo informaziorik eman eta Museoko langileei ez diete ezer komunikatu. Aipatutako bileran ez zuten argitu Fundazioa desagertu eta Museoa EuskoTrenera pasatzen bada zein zerbitzu mantenduko dituen, langile denak edo batzuk Museoan jarraituko ote duten, kaleratuak izango ote diren, Eusko Trenen subrogatuak izango diren...".

Euskal Herriaren historian trenak izan duen garrantzia kontutan izanik, LABen ustez, "Euskal Herriak merezi du gaurko garaietara egokitutako museo bat eta Fundazioari lotutako proiektuak horretarako aukera ematen du". Gainera, Azpeitian krisiak gogor eragin duela eta horrelako proiektu batek "krisiari aurre egiteko ekarpena" suposatzen duela pentsatzen du sindikatuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide