Etxean suteak ekiditeko zerbitzua eskainiko du Zarauzko Udalak

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 19a

Ensunza eta Alberdi, suteak ekiditeko zerbitzua aurkezten. Adineko pertsonen etxeetan suteak ekiditeko zerbitzua eskainiko du Zarauzko Udalak, A Tiempo enpresaren laguntzarekin. Hirugarren adineko herritarrei "bizitza errazteko" hainbat programa abiatu du udalak azken urteotan: Sutondo etxez etxeko janari banaketa, Etxean ondo etxeetako asistentzia—osatzeko dute hori— eta baita etxetik irteteko arazoak dituztenei eskainitako Irtenbil zerbitzua ere. Bide horretan lanean dihardu erakundeak, eta orain su hartzeko arriskua duten etxeetan esku hartuko du. Bakarrik bizi eta 80 urtetik gorako pertsona zein bikoteei zuzenduta egongo da, datuen arabera, adin tarte horretako pertsonen etxeetan gertatzen direlako sute gehienak. Alde Zaharreko etxeetan hasiko dira zerbitzua eskaintzen, horietako gehienak egurrezkoak baitira. Doako zerbitzua izango da honakoa. Hiru fase izango ditu programak. Batetik,  etxebizitzak ikuskatuko dituzte A tiempo-ko teknikariek, prebentzio modura. "Ikusiko dute sute arriskurik dagoen. Egiaztatuko dituzte instalazio elektrikoa, etengailu diferentzialak, tentsioak, gasezko aparatuak, tximiniak, ke-erauzkailuak eta termostatoa duten aparatu elektrikoak, besteak beste": azaldu du enpresako arduradun Jon Ensunzak: "Azken batean, etxe batean egon litezken arrisku potentzial guztiak". Arriskuak desagertzea da horren helburua. Analisi horrekin batera, etxe guztietan autobabeserako eskuliburu bat utziko dituzte. "Eskuliburu horiek orokorrak izaten dira, hau da, laburbildu egiten dute sute kasuetan nola jokatu. Igogailua ez erabiltzeko dio, esaterako, baina pertsona batek mugikortasun arazoak baditu kezkatu egingo da hori irakurtzean. Teknikariak etxeetan bertan egongo direnez eta bakoitzaren kasua gertutik ezagutuko dutenez, horren araberako oinarrizko nozioak emango dizkiete kasu bakoitzean zer egin jakin dezaten", nabarmendu du Ensunzak. Bestetik, su detektagailuak jarriko dituzte etxe horietan. Aparatuak autonomoak direla nabarmendu du A tiempoko ordezkariak, eta ez dela etxean obrarik egin behar. Bateriarekin funtzionatzen du. Ke partikulak detektatzen ditu garaiz, ikusten direnak eta ez direnak ikusten. "Deskuidu baten aurrean, aparatuak abisatu egingo du. Ezbeharra ez bada ez da ezer gertatzen, lehioak zabaldu eta kea desagertzean ixildu egingo da; ez dago manipulatu beharrik", dio. Suteen %60a baino gehiago deskuiduak izaten direla ohartarazi du, eta aparatu horiek "zaindari lana" egingo dutela. Era berean, teknikariek etxebizitzen krokisak egingo dituzte, ebakuazioak errazteko. "Etxean bertan edota beste batean sutea gertatuko balitz, interbentzio taldeari lana erraztea da helburua. Normalean, sua piztean keak ikuspena murrizten du eta ukimenarekin orientatzen gara. Etxearen distribuzioa aurrez ezagututa, lana aurreratzeko baliagarri izango da". Adinekoak babestu, herria babesteko Erroldaren arabera, Zarauzko Alde Zaharrean 80 urte baino gehiagoko 100dik gora pertsona bizi dira. Horien etxeetan hasiko dira esku hartzen. "Euskal Herrian gertatzen diren suteen %80a adin tarte horrek sufritzen ditu. Hala, talde bulnerable edo zaurgarri hori zuzenean babestuz gero, herria zeharka  suteetatik babesten da", nabarmendu du Ensunzak. Datozen egunetan zerbitzuaren berri emateko etxe horietara idatziak bidaliko dituztela esan du Hirugarren Adinekoen zinegotzi Karmele Alberdik, eta interesa dutenek eskaera egin ahalko dutela. Horretarako Gizarte Zerbitzuetara jo edo deitu beharko da. Hilabeteko epea izango dute horiek izena emateko. Urtebetera aparatuaren mantenua egingo dute langileek. Alberdik aurreratu du oraingoz Alde Zaharreko etxeetan hartuko dutela esku. Horrek "ongi" funtzionatzen badu herriko beste auzoetara zabaldu dezakete zerbitzua.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide