Corrugados Azpeitiko langileak gaurko elkarretaratzean (Nerea Uranga)
40ren bat langile besterik ez dira gelditzen Corrugados Azpeitia lantegian, gainontzeko 220ak dagoeneko kalean daude. Langileak kalean uzteko orduan enpresa
"joku zikina eta txantaia" erabiltzen ari dela salatu dute. Lantegiko
produkzio guztia geldi dagoela eta eskariei uko egiten eta bezeroak galtzen ari direla. Enpresa langilerik gabe utzi arren, bertako langileak ez daude amore emateko.
Hala adierazi du gaur Enpresa Batzordeak, "atzo kaleratutakoekin dagoeneko
220 langile kalean daude. Enpresaren asmoa betetzeko, hau da, plantilla osoa kaleratzeko oraindik 40ren bat langile falta dira". Enplegua Erregulatzeko Espedientean langile guztiak kaleratzeko epea irailaren 30ean bukatuko zela azaldu zuen Alfonso Gallardo Taldeak, baina langileek uste dutenez lehenago botako dituzte denak. "Ez dugu uste data horretara iritsiko garenik, enpresak plantilla osoa kaleratzeko dirua jaso duela entzuten da lantegian, horrek epe laburrean langile guztien kaleratzea ekar dezake".
Enpresa, baldintzak sinatu arazten
Langileak kaleratzeko orduan enpresa beharginekin
"joku zikina" egiten ari dela salatu dute langileen ELA eta LABeko ordezkari sindikalek, "langile batzuen egoera pertsonala edo familiako egoera baliatzen ari da enpresa txantaia egiteko. Diru apur bat gehiagoren truke, enpresak kaleratzeko emandako argudioak eta arrazoiak egiazkoak direla sinatzera behartzen ari da hainbat langile. Horrez gain, gero edozein
erreklamazio egiteari uko egitea sinatu araziz". Hori "txantaia" dela salatu dute langileek eta Espainiako Auzitegi Nazionalean Enplegua Erregulatzeko Espedientearen aurka salaketa jarrita dutela gogorarazi dute.
Nahiz eta langile ia gehienak kaleratuta izan, enpresaren etorkizuna defendatzen segituko dutela azpimarratu dute. Kanpotik jasotzen ari diren hainbat eskaera baztertzen ari direla kritikatu dute langileek, "joan den astean, Ingalaterratik Corrugados Azpeitiak eskaera jaso zuen, baina uko egin behar izan zitzaion Corrugados Azpeitia enpresak eskaera bermatzeko beharrezkoa den txatarra kopururik ez zuelako". Era horretan Azpeitiko lantegia bezeroak galtzen ari dela diote, "esaterako, gure bezero garrantzitsuenetako bat zen Cifer enpresa konpetentziari erostera pasatu da".
Produkzioa geldituta
Gallardo Taldearen asmo bakarra langile guztiak kaleratzea dela diote eta gainontzeko guztiak "bost axola" diola. Azpeitiko
lantegian, berriz, azken egunotan "nahasmendua nagusi" dela, "zuzendaritza lana egiten duenik ez dago; aurreko zuzendaritzako kide batzuk, antza, informazio pribilejiatuarekin joan egin dira. Gallardok, berriz, txatarra gehiago ez ekartzeko agindua eman du eta txatarraren parkea itxita dago.
Azpeitian ez da gehiago ekoiztuko". Nagusiak "lantegia hiltzen uzten" ari direla salatu dute langileek.
Azpeitiko lantegia ixteak, ehunka familirengan eragingo duela, herrian eta eskualdean
"ondorio larriak" ekarriz. "Baina, ezin dugu onartu Adegik, Jose Migel Ayerzaren bitartez, egoera honen erantzunkizuna sindikatuoi leporatzea", esan dute langileen ordezkariek. "Hiru epai izan dira gure alde, horrek erakusten duen bakarra da: enpresak beti inposatu egin duela eta ez duela negoziatu. Adegik nahi duen lan harremanetarako ereduan ez dago lekurik langileen borroka duinarentzako".
Gallardok erabakitako bukaera
"desindustrializazioaren" erakusle dela nabarmendu dute, horregatik erakunde publikoei
"arduraz jokatzeko" eskatu diete. Corrugados Azpeitia langilez hustuko duten arren, langileak ez daude amore emateko prest, "borrokan segituko dugu".