Miren Aranguren eta Hodei Esteban: "Egiten duguna zaindua izatea nahi dugu, gustuarekin egina"

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko uztailaren 19a

(Argazkia: Amaia Ventas/Hitza) Erlojuaren kontra egin dute guztia Miren Arangurenek (Iruñea, 1981) eta Hodei Estebanek (Zarautz, 1983), Occhi Di Farfallako taldekideak. Duela hilabete grabatu zuten lehen diskoa, eta etzi ekingo diote Europako birari. «Guztia presaka egin dugu, bestela ez genukeen egingo». Friboughen (Suitza) eskainiko dute lehen kontzertua, eta ondoren Laussane (Suitza), Kassel (Alemania), Grimma (Alemania), Berlin (Alemania), Liberec (Txekiar Errepublika), Ljubljana (Eslovenia), Ferrara (Italia), Bologna (Italia) eta Milanen (Italia) joko dute, besteak beste. Azken hiru kontzertuak Italiako Gipsy Rufina taldearekin egingo dituzte. Nola hasi zineten? Hodei Esteban: Gure etxera abeslari asko etortzen dira, azken urteetan bakarlari dezente. Alemaniar, ingeles eta italiar bana askotan izan da gurean, eta egunen batean, trukean, guk joan beharko genukeela proposatu genien. Haiek baietz erantzun ziguten, eta animatu egin ginen. Lanean hasi ginen orduan, kantuak sortzen. Gero, kontzertuak lotu zizkiguten beren herrialdeetan. Miren Aranguren: Etxean askotan jarduten dugu kantuan. Beste taldeen eta abeslarien bertsioak egiten ditugu. Hori dela eta, gure propioak lantzen hastea erabaki genuen, ausardiaz. Nik ez dut inoiz jendaurrean kantatu—bertsio gauean eta halako ekitaldietan izan ezik—; lotsa-edo ematen zidan. Zarautzen Mefsst Musika Errebolta Feminista jardunaldiak antolatu genituen maiatzean, eta horrek emakumeak animatzeko balio izan zuen. Horrek lagundu zidan. Zergatik aukeratu duzue izen hori? M.A.: Niri tximeletaren begien ideia gustatzen zitzaidan, eta hainbat hizkuntzatan nola esaten zen ikertzen hasi ginen. H. E.: Izenak italieraz eta portugesez zuen soinua gustatu zitzaigun gehienbat. Garai horretan kantari italiarra gure etxean zegoen, gainera, eta hizkuntza hori aukeratu genuen azkenean. M.A.: Fonetikoki gustatu zitzaigun, eta izenak ere esanahia zuen biontzat. Italieraz zenez, atzerrira joaterakoan funtziona zezakeela pentsatu genuen. Kantak euskaraz zein ingelesez grabatu dituzue. Horrek ba al du lotura izenarekin? H. E.: Kantak sortzerakoan zalantza izan genuen ingelesez ala euskaraz egin. Proiektua hemen abiatuko bagenu, euskaraz egingo genuke, noski.Guretzat abestiak euskaraz egiteak badu zentzua, baina ingelesez kantatzeak ere bai, kanpora begira sortutako egitasmo bat baita. Leire Alberdik egin ditu itzulpenak. (Argazkia: Amaia Ventas/Hitza) Akustikoa, rocka, feminista... Zer musika mota egiten duzue? H.E.: Hasieran kanta batzuen zirriborroak egin genituen, doinuak atera eta horien gainean abestu. Normalean, bakarlarien abestiak lasaiak izaten dira, malenkoniatsuak. Aldatu egin genituen orduan, eta rokeroagoak egin. 70. hamarkadako doinuak sortzea izan da gure asmoa, hardrock, psikodelia, heavy, stonner eta blues ukituekin. Zerbait animatuagoa. Kanta gehientsuak akustikoan jotzekoak baino, talde baterako prestatuta daude. Guk modu sinplean jotzen ditugu, ordea. Bira amaitzean agian abestiak baxua, bateria eta gitarra banarekin jotzen saiatuko gara. M.A.: Era berean, saiatu gara  abestiak ikuspegi feministatik lantzen. Kanta pare batek, guk sortutakoek, badute ikuspegi hori. Bestalde, Imanol Epelderen Komuneko paperean bildumatik hitzak hartu ditugu, eta Goazen hemendik maitia abestira egokitu, gure ikuspegira moldatuta. Gure lagun batek egindako kantak munduaz eta justiziaz hitz egiten du, eta zentzu hori eman nahi izan diogu. Doinuaz eta musika estiloaz gain, nortasun feminista nabarmendu nahi izan dugu. Epelderen hitzez gain, Jeremy delako baten letrak ere jaso dituzue. H.E.: AEBetan ezagutu genuen Jeremy, Humilitate taldearekin biran ginela. Hari ere diskoan kolaboratzeko eskatu genion, eta hala egin du. Mikel Cazalisen laguntza ere izan duzue diskoa grabatzeko. H. E.: Hasieran guk bakarrik grabatu genituen abestiak, laguntzarik gabe, eta nahiko txukun geratu ziren. Ez genituen metronomoarekin grabatu, ordea, eta kantak oso biluzik zeudela iruditu zitzaigun. Horiei musika tresna gehitzea pentsatu genuen, gero kontzertuetan doinu horiek ondoan jarri eta guk akustikoan gitarra jo eta abesteko. Laguntza modura. Berriz grabatzeko beharra ikusi genuen, orduan. Gitarra afinazioz aldatu genuen, grabeago jarri, eta horrek soinu berezia ematen dio. Mikelekin hitz egin genuen, eta prest agertu zen laguntzeko. Arratsalde batean grabatu genituen lau kantak. Diskoaren hasierako eta bukaerako abestiak, instrumentalak, berriz,  etxean grabatu genituen. Diskoaren azala Clara Zetkinen hitzak gehitu dituzue abesti batean.  Zergatik? M.A.: Zetkin feminista-sozialista historikoa da, martxoaren 8aren sustatzailetako bat, alemaniarra eta inperialismoaren zein ideia kapitalisten kontra gogor egin zuena. Niretzat beti izan da erreferentzia. Hitzaldi bat aukeratu genuen; faxista bati eman zion erantzuna da. H.E.: Gogor hitz egiten du, eta egokia iruditu zitzaigun. Grabazio zaharra denez, gainera, audioaren kalitatea nahiko zikina da, eta ongi geratzen da abestian. Mikel Larratxek egin du, berriz, diseinua. H.E.: Birako kartela egiteko eskatu genion, eta bera taldeko irudigintza guztia egiteko prest agertu zen. Izugarrizko lana egin du, eta  taldeari itxura eta nortasun dotorea eman dizkio. Biraren ostean, zuen lana Zarautzen aurkezteko asmorik ba al daukazue? H.E.: Hain zuzen, abuztuaren 22an joko dugu lehenbizikoz Zarautzen. Urtero Arranon herriko taldeen askotariko kontzertuak eskaintzen dituzte, eta pare bat kanta joko ditugu guk ere. Kontzertu oso bat eskaintzekotan, printzipioz Putzuzulon egitea gustatuko litzaiguke. Pixkanaka-pixkanaka egingo dugu. Ez daukagu kontzertu asko emateko asmoa. Eskainiko ditugunak gustuarekin egin nahi ditugu. Eszenografia ere ildo horretatik antolatu dugu. Argi bereziekin, maleta zaharrekin...Giro goxoa emanez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide