(Argazkia: Gotzon Aranburu)
Uda garaiko beroari aurre egiteko bertsoz busti nahi dute gaur Zumaia. Zumaiako Arraun Elkartearen alde antolatu dute bertso saioa, eta goi mailako 12 bertsolarik parte hartuko dute, Jon Maia (Urretxu, 1972) patroi dutela. Gainera, saioan zehar 30 urtez arraun elkarteko entrenatzaile izan den Luis Mari Olasagasti
Luxia-ri omenaldia egingo diote.
Bertso saioan parte hartzeko sarrerak 10 eurotan izango dira salgai Zumaiako Turismo Bulegoan, Idoia Ardotegian eta saioa hasi aurretik Aita Mari aretoko lehiatilan.
Nolatan bururatu zitzaizuen bertsolaritza eta arrauna uztartzea?
Duela hamaika urte hasi ginen bertsolari arraunzale batzuk arraunean egiteko Zumaian elkartzen; bateltxo bat osatu genuen. Ondoren bazkaritxo bate egiten genuen olagarroa janez. Horrela pare bat urte egin genituen. Garai horretan nik ez nuen gidabaimenik eta gainontzeko bertsolariei agindu nien gidabaimena ateratzen nuenean bazkari bat ordainduko niela. Horrela, 34 bertsolari bildu ginen bazkari handi bat antolatu nuen Zumaian, eta egun hori osatzeko Telmo Deun ontzian arraunean egitera atera ginen. Itsasoan bainua hartu, hamaiketakoa egin eta ondoren olagarro jana egin genuen. Oso egun ona pasa genuen, eta bertsolariontzat oso esperientzia ona izan zen. Ordutik urtero antolatu dugu Arraun Eguna Zumaian eta Zumaiako Arraun Elkarteak beti bere etxeko ateak ireki dizkigu egun hori pasatzeko.
Orain esker ona adierazi nahi al diezue?
Zumaiako Arraun Elkartea egoera zailean dago, babesle nagusia galdu duelako. Bertsolariok beti esan izan diegu elkarteko kideei behar zutenerako hor izango ginela, eta egoera zaila pasatzen ari direla ikusita inoiz Zumaian egin den bertso jaialdi handiena antolatzea bururatu zaigu, bertsolari trainerua osatuta, arraun elkarteari babesa emateko.
Bertso saioa berezia izango al da?
Jaialdian parte hartuko duten bertsolari kopurua ez da batere arrunta. Egun gehienez jota zortzi bertsolariz osatutako saioak egiten baitira. Saioa antolatzea bururatu zitzaidanean, bertsolariei deialdi zabala egin nien eta nire helburua zen traineru bat osatzeko adina bertsolari izatea; 12, alegia. Egun bakar batean osatu nuen bertsolari trainerua Zumaiako Arraun Elkartearen alde boluntario kantatzeko. Saio berezia izango da, umorez betetakoa. Arraunzale eta bertsolazaleentzat galdu ezineko hitzordua.
Arraun Elkartearen aldeko bertso saioa.
Parte-hartzaileak
Arraunlari, bertsolariak:
- Maialen Lujanbio
- Anjel Mari Peñagarikano
- Jexux Mari Irazu
- Aitor Mendiluze
- Igor Elortza
- Iker Zubeldia
- Unai Iturriaga
- Eneko Abasolo
- Julio Soto
- Sustrai Colina
- Sebastian Lizaso
- Amaia Agirre
Patroia:
- Jon Maia.