Errealitatea ordenatzeko kodeak

Aritz Mutiozabal 2013ko uztailaren 19a

Sistema metriko hamartarrari buruzko hiru taula ikus daitezke Pure data (Hamar) erakusketan. (Argazkia: Oier Etxeberria) Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren Bake Ituna proiektuaren lehen kapituluak 1813. Donostiaren setioa, sutea eta berreraikitzearen barruan, Aldiriak izeneko sail artistikoa jarri dute abian hiru erakusketarekin. Horietako bat Oier Etxeberria azpeitiarraren Pure data (Hamar) da, eta Donostiako Artzain Onaren katedraleko sotoan dago ikusgai. Gainerako biak Maialen Lujanbioren eta Xabier Erkiziaren Hegi,Egia, Egiak  eta Bulegoa z/b taldearen Denboraren Polifonia eta Hormaren kontrako ekoizpenak dira. «Proiektuan parte hartzeko deitu nindutenean, baldintza bakarra 1813. urteko testuinguru historiko hori kontuan hartzea zen», azaldu du artista azpeitiarrak. «Frantziar Iraultzaren ondoren, Euskal Herrian eta Europako  beste hainbat lekutan abian jarri zen sistema metriko hamartarra ezartzen hasi zen; bere erresistentziarekin eta tirabirekin, alegia». Erakusketa egiterakoan bi autore izan ditu oinarri: alde batetik, Policarpo Balzola matematikari irundarra, korrespondentzia guztia sistema metriko hamartarrera pasatu zuena; eta bestetik, Bergarako alkate eta karlista Joaquin de Irizar, Memoria sobre el absurdo metrico decimal idatzi zuena. Arte diziplina guztiak Erakusketa sistema hamartarretik abiatzen bada ere, ez da tematikoa. «Errealitatea ordenatzeko  erabiltzen ditugun kodeei buruzkoa da: zenbakiak, alfabetoak, erritmoak... Hortik doa proiektua». Hori islatzeko arte diziplina guztiak erabili ditu Etxeberriak bere instalazioan; hala nola, irudiak, marrazkiak, margoak, eskulturak, bideoak eta mu­sika. «Bideo-sorkuntza bat egin dut, eta Iparragirrek sistema metriko horren kontra idatziko bertso batzuekin abiatzen da», esaterako. (Argazkia: Oier Etxeberria) Etxeberriak aditzera eman duenez, «arkeologia moduko bat» egiten saiatu da Pure data (Hamar) erakusketan. «Sistema metriko hamartarraren ezarpenarekin ez zen sistema bera bakarrik ezarri: errolda, biztanlegoaren kontrola, estatistikak... Horrekin batera eredu politiko berria etorri zen. Frantziar  Iraultzaren aurretik errege batek agintzen zuen, baina iraultzaren ondoren  ordezkaritza politikoa sortzen da; hau da, parlamentarismoa, botoa eta zenbaketa. Erakusketako pinturek horri egiten diote erreferentzia». Erakusketa paratzeko aukeratu duen kokalekua «esanguratsua» dela nabarmendu du. «Elizaren azpian, katedralaren sotoan... Elizak eta teologiak badu espazioaren erabilpen bat, eta horrek badu bere garrantzia». Arrazionalismoaren eta mundu izpiritualaren arteko talka moduko bat litzateke, nolabait ere. «Kristautasunaren teorikoetako bat Dionisio Areopagita izan zen, eta honek asko idatzi zuen zenbakiari buruz. Hain zuzen ere, zenbat jende egongo den zeruan, baita arimen salbazioan ekonomiak daukan garrantziaz ere. Azkenean, testu guztiek halako teologia irakurketa batera garamatzate. Beraz, lekua aproposa iruditu zitzaidan». Iritzien topaleku Erakusketarekin batera solasaldi-topaketa irekiak antolatu ditu erakustokian bertan, Xerradak izenburupean. «Normalean jendearekin ditudan solasaldiak eraman nahi ditut aretora. Ez du inork hitzaldirik emango, baizik eta mahai baten bueltan iritziak trukatzea da». Lehena joan den astean egin zuten, Misterioa (han eta hemen) hizpide hartuta, eta bigarrena datorren astelehenean izango da, 17:00etan hasita. Musika / Zenbakiak izango da gaia, eta musikaren metrikotasuna izango dute abiapuntu. «Musikak eta matematikak badute halako soka luzea», dio artista azpeitiarrak. «Ez dakit topaketako solasaldiak zein norabide hartuko duen, baina nik musikaren automatismoa planteatuko dut. Adibidez, bertsolaritza ikasten hasten zarenean, 10-8 edo  8-7 neurriak ikasi behar dituzu zortziko handirako eta zortziko txikirako, baina behin ikasten duzunean, zenbaketa desagertu egiten da. Hor dagoen kontzientziaz eta inkontzientziaz, memoria motaz, aritzea interesatzen zait». Azken  eta hirugarren topaketa ere datorren astean izango da, uztailaren 26an, toki eta ordu berean. Hausnartuko duten gaia, berriz, Zor-agiriak eta letrak. Bestalde, erakusketa abuztu osoan egongo da zabalik. Hain justu ere, irailaren 6a bitartean bisitatu ahal izango da, ostiral eta larunbat arratsaldetan, 17:00­etatik 20:00­etara. Ordutegi horretatik kanpo erakusketa ikusi nahi dutenek 627-74 51 22 telefono zenbakira deitu dezakete.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide