ELA: "Urola Kostako bi mila langile ingururen lan baldintzak enpresaburuen esku daude"

Aiora Larrañaga Solabarrieta 2013ko uztailaren 18a

ELAko ordezkariek goizean Orion egin duten agerraldiko irudi bat (Aiora Larrañaga/Hitza) Lan erreformak dakarren egoeraz kezkatuta, goizean Urola Kostako enpresetako ELA sindikatuko ordezkariak Orion bildu dira, aurrerantzean zer gertatuko den argitu nahian. ELAko ordezkariaren iritziz, batzarrean bildu diren langileak «kezkatuta» daude. «Askok euren lan egoeran aldaketen berri emanez gutunak jaso dituzte. Zenbaiti abendura arte orain arteko baldintzak mantenduko dizkietela jakinarazi diete enpresa batzordeek, baina 2014ko asmoak ez dizkiete argitu». ELAko ordezkariek azaldu dutenez, Urola Kostan 40 enpresatik gora dira lan itunik gabe geratu direnak, denera bi mila langile inguru. Lan itunik ez duten 40 enpresatik 16 enpresa handiak dira eta «horrek eskualdeko ekonomiak eragin nabarmena izango duela» uste dute. «Asanbladaren helburua langileak testuinguru berrian kokatzea izan da. Langile ordezkariek dituzten zalantza juridikoak argitu ditu ELA sindikatuan gai juridikoak lantzen dituen Aimar Kortabarria adituak eta hemendik aurrera gatazkari eman beharreko erantzun juridikoa prestatzen hasi gara», azaldu du Urola Kostako ELA sindikatuko koordinatzaile Ramon Irazuk. Uztailaren 7an Espainiako lan erreforma indarrean sartu zen, eta aurrerantzean nagusitasuna izango dute enpresako itunek; estatuko itun kolektiboek, ondoren. Ez bata eta ez bestea ez baleude, langileen estatutua geratuko litzateke azken babes gisa. Gutxieneko soldata 645,30 eurokoa da hilero. Aldaketak, eskualdeko langile askoren lan baldintzak kolokan jarri ditu, langileak eta patronala akordio batera iritsi ez diren kasuetan enpresaburuek baitute aurrerantzean zein lan itun erabiliko duten erabakitzeko eskumena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide