EBren erabakiaren ondorioz 200 ontzi kaltetuko direla dio PYMAReko presidenteak

Urola Kostako Hitza 2013ko uztailaren 18a

Inbertsiogile handiek ontziolek 2007 eta 2011 bitartean jasotako laguntzak itzuli beharko dituztela  jakinarazi zuen atzo Europako Batzordeak. Erabaki horrek hainbat erreakzio ekarri du. PYMAR ontziola pribatuen patronaleko presidente Alvaro Platerok esan du horren ondorioz 200 bat ontzi kaltetuko direla, eta  Espainiako Gobernuak neurriak hartuko dituela espero du, eragin hori "hain dramatikoa" izan ez dadin: "Ontzigintzak ahalik eta kalte gutxien izan dezan lan egin beharko du Espainiako Gobernuak". Izan ere, sektore horrek dagoeneko "nahiko galera" izan du: bi urtez "kontratu-lehortea" egon da, eta ondorioz 2.000 milioi inguruko galera izan du. Era berean, inbertsiogileak ez direla "besoak gurutzaturik" geratuko gaineratu du, eta horiek ontziolei eta armadoreei erreklamatuko diela dirua. "Gobernuak egin beharrekoa egingo du. Ontzi bakoitzaren egoera aztertu beharra dago, banan banan. Ogasunak gogor jokatuko duela zalantzarik ez dut", dio. Bestalde, Joaquin Almunia Europako Batzordeko Lehiakortasun komisarioaren jarrera salatu du: "Almuniak gu salbatzeko aukera zuen". Helegitea jarri ala ez aztertzen Europako Auzitegi Gorenean helegitea jarri ala ez aztertzeko eskatu dio Espainiako Gobernuak bere legelariei. "Ontziolek, armadoreek eta inbertsiogileek konfiantza legitimoaren printzipioaren arabera jokatu dute beti", nabarmendu du Jose Manuel Soria Espainiako Industria, Energia eta Turismo ministroak. Jose Maria Aburto Aldundiko Enplegu sailburuak "kezkatuta" dago ontziolen egoera "ziurgabeagatik": "Nahiz eta erabakia leundu duten, sektoreran ziurgabetasun handia eragin du". Ontziolen egoeraz gain, orokorrean sektoreagatik dago "arduratuta", 87.000 eta 90.000 enplegu sortzen dituelako guztira. Hori dela eta, harreman komertzialek konfiantza legitimoaren printzipioaren arabera egitea "ezinbestekoa" dela esan du," inbertsiogileek etorkizunean halakorik berriz gerta ez dadin bermea" izan dezaten. Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasun sailburuak Almunia kritikatu du. Esan du haren azalpen horiek "ironia handi bat" direla edo agerian uzten dutela "sektoreaz duen ezjakintasuna". Aitortu du ez zuela Europako Batzordearen erabakia espero, uste baitu badagoela nahikoa "argudio juridiko" erabakia bestelakoa izateko. Hala ere, gaineratu du jabetzen dela "Europako Batasunak nolabaiteko zigorra" jarri behar ziola Espainiako Estatuari. Almunia, minduta "Lotsa" eta "mina" sentitu du Almuniak, ikusita langileen "beldurrarekin nola jolastu" den: "Mintzen nau ikusteak nola jolasten den dirurik itzuli beharko ez duten pertsonen beldurrarekin. Lotsa sentitu dut ikusita nola kudeatu den beldur hori". Erabakiak izango dituen ondorioak "neurri pentsaezinetaraino puztu" dituztela gaineratu du .

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide