Atzo eguerdian egin zuten aurkezpena (Aiora Larrañaga/Hitza)
Itsas eta arraun giroan murgilduko da Orioko herria asteburuan. Alde batetik gaurtik igandera bitartean Bisiguaren Festa izango da herrigunean protagonista eta bertara hurbiltzen direnek itsasoak eskaintzen dituen jaki goxoenak dastatzeko aukera izango dute; bisiguaz gain, poltsiko guztientzako hegaluzea parrilan edo marmitako jana egingo baitira sagardoz lagunduta.
Gastronomia ardatz duen jaiaz gain, estropadak ere izango dira asteburuan Orion. Hiru bandera izango dira jokoan; larunbatean 12:00etatik aurrera KAE 1 Ligako estropada puntuagarria jokatuko da. Igandean, berriz, goi mailako arrauna bertatik bertara ikusteko aukera izango da Orion. 12:00etan Euskotren ligarako hirugarren estropada puntuagarria jokatuko da eta ondoren TKE Ligako gizonezkoen txanda izango da, XXIII. Orioko Estropadak - Orio Kanpina Bandera izango da jokoan bi kasuetan.
Oriotarrak "gustura"
Atzo aurkeztu zituzten asteburuan jokoan izango diren hiru banderak Orioko Kanpinean eta Orioko Udala nahiz Orioko Arraun Elkartea oso gustura agertu ziren ekitaldian. «Orioko kanpinean aurkeztu nahi izan ditugu banderak, kanpina Orioko herriarentzat estragikoa dela uste dugulako» azaldu zuen Orioko alkate Beñat Solaberrietak.
Oriotarrak «pozik» daude etxeko arraunelariek pasa den asteburuan emaitza onak lortu dituztelako. «Gizonezkoen traineru nagusiak denboraldiko lehenego bandera irabazi du. Emakumezkoek, berriz, lehen aldiz Euskotren Liga jokatzeko sailkatzea lortu dute. Gainera, Oriok hiru traineru ditu jokatu dezaketen maila gorenean lehiatzen».
Asteburuan ere, norgehiagoka politak ikusteko auekera izango dela uste dute Orioko Udaleko eta Arraun Elkarteko arduradunek eta oriotarrak eta arraunzaleak Bisiguaren Festaz eta estropadez gozatzera gonbidatu nahi dituzte.
Altxerri gogoan
Ekainaren 7an Juanito Lizarralde
Altxerri hil zen Orion arraunketa modernoa bultzatu zuen patroia eta arraunlaria. Lizarralde erreferentea izan zen Euskal Herrian tostako arraunketari dagokionean eta Orioko Arraun Elkarteak urtetan egindako lana aitortu eta omenalditxo bat egin nahi izan dio. «Udalarekin harremanetan jarri ginen eta larunbateko estropadako bandera Altxerritarrek entregatuko dute» azaldu zuen aurkezpenean Ibon Huegun Orioko Arraun Elkarteko presidenteak.
Bestalde, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete estropadak antolatzen parte hartzen duten boluntario guztiei, «horien laguntzarik gabe izenezkoa izango balitzitake estropadak egitea».