Festetako olatua hasi da arrosa kolorea hartzen. Aurtengo San Inazio bezperako herri bazkariak aldaketak izango ditu. «Bazkaria antolatzeko era aldatu dugu», azaldu dute Haujijijai festa batzordekoek. Aurten bazkarirako txartelak erosi beharrean, bazkaltzera joan nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.
San Inazio bezperako herri bazkariaren antolaketa berria herenegun azaldu zuten Haujijijai batzordekoek (Nerea Uranga/Hitza)
Festetako ekitaldiak antolatzerako orduan auzolana hartzen dute helburu Haujijijaikoek. «Herri osoarentzako egiten diren ekimenetan, ahalik eta jende gehienak parte hartzea dugu helburua, jendea ekimeneko parte sentituz eta elkarren arteko harremana sustatuz». Horregatik, herri bazkaria antolatzeko modua aldatzea erabaki dute.
Orain arte herri bazkaria antolatzeaz, prestatzeaz eta jasotzeaz talde bat arduratu da. Mila pertsonatik gora biltzen dira bazkaltzeko, eta aurten antolaketan bertan jende gehiagok «konpromisoa har dezana» nahi izan dute. «Horretarako pentsatu da bazkarirako txartelak tabernetan salgai jarri beharrean aurrez izena emateko egunak jartzea. Izena binaka edo hirunaka eman behar da, eta gero bazkaria antolatzeko lanak nork egin zozketa bidez erabakiko da», azaldu dute festa batzordekoek.
Aurrez jendeak izena emanda, San Inazio bezperan bazkaltzen zenbat izango diren aurreikuseko aukera ere izango dute antolatzaileek.
Izena emateko egunak
Uztailaren 30erako herri bazkarirako izena emateko egunak, hilaren 22, 23, 24 eta 26 dira, herriko plazan. 11:00etatik 13:00etara goizez, eta 18:00etatik 20:00etara arratsaldez. Izena ematearekin batera 12 euro ordaindu beharko da.
Herri bazkariko antolaketako arduren zozketa uztailaren 26an egingo dute, 20:00etan, plazan. «Zozketa zabala izango da, eta nahi duten guztiek bertara azaltzeko aukera izango dute», argitu dute.
Edalontzien bilketa
Saninazioetako herri bazkarian sortutako hondakinak, «Zero Zabor filosofia kontuan hartuta», gaika bilduko dituztela azaldu dute Haujijijaikoek. Hori dela eta, bazkarirako izena emateko egunetan edalontzi berrerabilgarriak jasoko dituzte plazan bertan. «Beraz, jendeari dei egiten diogu etxean dituen edalontzi berrerabilgarriak ekartzera. Edalontziak bildu eta saninazioetan berrerabiliko dira», azaldu dute. Plazan edalontziak jasotzeko kaxak jarriko dituzte eta han utzi beharko dira.
Haujijijai Batzordeak ekimen berri bat ere prestatu du abuztuaren 1erako, San Inazio bigarrenerako. Adin guztietako herritarrak bildu, eta euskal dantza saio bat egitea dute helburu batzordekoek. Dantza prestatzeko entsegua gaurko antolatu dute; 21:00etan izango da, Betharrametan.
Dantzaren hurrengo eta azken entsegurako hitzordua datorren astean izango dela ere aurreratu dute festetako batzordeko kideek.