Mikel Ibargurenen (Zestoa, 1967)
Bide batez esanda poesia bilduma berria aurkeztuko dute gaur, 19:30ean, Zestoako kultur etxean. Ekimena Danbolin Zulo Kultur Elkarteak antolatu du. Ziburun, Ibargurenen bizilekuan, egindako ikus-entzunezko baten laguntzaz aurkeztuko dute zestoarraren azkena. «Liburuko poema batzuk ere irakurriko dizkigu». Herritar batzuk parte hartuko dute irakurraldian.
Mikel Ibarguren, artxiboko irudi batean (Argazkia: Bob Edme)
«Ibargurenen bosgarren liburua da hau, baina aspaldian ez da aukerarik izan bere liburuak jaioterrian aurkezteko», adierazi dute Danbolin Zulokoek. 1996an argitaratu zuen lehen liburua,
Hemen gauak lau ertz ditu, kartzelatik idatzitako poemez osatutakoa. «Hura Zestoan aurkezteko zortea izan genuen, baina gainerakoak ez», diote. «Deserriak eta pertsonek hainbat muga dute. Horregatik, aurreneko lan hartaz aparte, ezinezkoa gertatu da gainerako liburuak Ibarguren bera hemen dugula aurkeztea. Poesiak ez du sekula mugarik izan, eta teknologiak ere gero eta gutxiago ditu».