(Argazkia: Aritz Mutiozabal/Hitza)
Munduko mutur batetik bestera dabil Aritz Aranburu (Zarautz, 1985). Azken asteetan Hegoafrikan eta El Salvadorren lehiatu ondoren, egunotan etxe aldean da. Baina ez du maletak desegiteko astirik izango, bihar hegazkin bat hartuko baitu Kaliforniarako (AEB). Txapelketaz txapelketa dihardu buru-belarri, eta denboraldi hasiera honetan emaitza txukunak lortu ditu. Ondorioz, munduko sailkapen nagusiko 16. postuan kokatu da.
Denboraldia hasi besterik ez da egin, eta hiru bosgarren postu lortu dituzu; Margaret River Pro (Australia), Quiksilver Saquarema (Brasil), Pro Ballito Champion (Hegoafrika) probetan, hain zuzen.
Egia esan oso gustura nago; gehien bat, daramadan erregulartasunagatik. Oraingoz, WQS zirkuituko Prime kategoriako hiru txapelketa (gehien puntuatzen duten probak) jokatu dira, eta hiru horietan final-laurdenetara iristea lortu dut, bosgarren postua eskuratuz. Kategoria horretako txapelketak garrantzitsuak dira,
WCT zirkuitura igotzeko beharrezko diren puntuak lortzeko.
Erregularra izatea ezinbesteko izango da horretarako, ezta?
Bai, baina goiko mailara igo ahal izateko antolakuntzak oso zail jartzen ditu gauzak. Izan ere, askoz zailagoa da WCT-ko surflariak WQS-ra jaistea, alderantziz baino. Lehen mailan dabiltzan surflariak bigarren mailako txapelketetan lehia daitezke, eta bigarren mailakook, aldiz, ezin dugu lehen mailan jokatu. Hori horrela, txapelketa kopuru bikoitza dute urtean zehar. Aukera bikoitza dute. Ondoren, sailkapen orokor bakarrean gaude guztiok, baina Grand Slam edo goi mailako txapelketetan haiek bakarrik hartzen dute parte, eta txapelketa horietan puntu gehiago banatzen dira. Nolabait esateko, WCT zirkuituko txapelketa batean bi txanda gainditzea WQS-ko batean zazpi txanda gainditzea bezala da.
Une honetan, ongi kokatuta zaude sailkapen nagusian. Hori ez al da abantaila nahikoa?
Orain arteko emaitzei esker ongi kokatu nago, bai. Hala ere, urte bukaera bitartean, Prime kategoriako bost txapelketa geratzen zaizkit, baina lehen mailakoek, bost horiez gain, WCT-ko beste sei dituzte. Jendeak oso goian ikusten nau munduko sailkapenean, baina oraindik lana erruz egin beharko dut. Orain, 16. postuan nago kokatuta, eta urtea 32 onenetan bukatuz gero, goiko mailara igoko nintzateke. Denboraldia orain bukatuko balitz, datorren urtean WCT-n jokatzeko txartela izango nuke. Oraindik, ordea, denboraldi erdia baino gehiago geratzen da.
(Argazkia: Aritz Mutiozabal/Hitza)
Zarautzera iritsi berria zara El Salvadorretik, baina Kaliforniara (AEB) zoaz segituan. Batetik bestera, gelditu gabe al zabiltza?
Halaxe nabil, egia esan. Ostiralean Kalifornia (AEB) aldera abiatuko naiz, eta astelehenean hasiko gara jada lehiatzen. US Open-eko txapelketa izango da, WQS-ko Prime kategoriako urteko laugarren proba. Txapelketa beteranoa da, eta urtero hartzen dut parte bertan.
Eta zer moduz datorkizu hango olatua? Gustuko duzu al proba?
US Open-a olatu txikiko txapelketa izaten da, eta olatu txikiak ez dira nire gogokoenak. Aurten ere izan ditugu olatu txikiko txapelketak, eta nahiko ongi moldatu naiz. Beraz, egokitzen zaidanarekin ahal dudana egingo dut.
Kaliforniako probaren ondoren, han inguruan beste txapelketaren bat jokatuko al duzu? Zer asmo duzu datozen asteetarako?
Aurten, krisia dela medio, txapelketa gutxiago daude, eta, ondorioz, ez dugu zirkuituko beste probarik han inguruan. Aitzitik, zirkuitutik kanpo, olatu handien txapelketa bat jokatuko da Mexikon, Pascuales hondartzan, eta bertan aritzera gonbidatu naute. Data irekiak izango dira: abuztuko hamaika egun iraungo du, eta epe horren barruan itsasaldi bat sartzen denean jokatuko da, hain zuzen ere. Pare bat egunetan jokatuko da txapelketa, gutxi gorabehera.
Olatu handien txapelketan lehiatuko zaren lehen aldia izango al da?
Ez, aurretik pare bat txapelketa jokatu dut. Kasu honetan, ordea, surflari ezagunek hartuko dute parte. Aurten Mexikoko hondartza horretan surf egiteko aukera izan dut, eta olatu benetan indartsuak daude. Nire blogean zintzilikatu dudan azken ikus-entzunezkoa, esaterako, bertan filmatu genuen. Gustuko dudan hondartza da Pascualesekoa; Colima estatuan dago. Normalean, olatu handiak haitzak dauden tokitan izaten dira, oso urruti lehertzen direlako. Baina Mexikokoa bestelakoa da, itsas hondoan hondarra duelako.
Ilusioa egiten dizula dirudi.
Bai, ilusio handia egiten dit. Izan ere,
2007an WCT zirkuitura igo nintzenean, nire helburu bakarra goi mailara iristea zen. Lana gogotik egin ondoren, lorpenak biziki ase ninduen. Gaur egun, ikuspegi zabalagoa dut, eta hainbat proiektutan murgildu nabil. Alde batetik, txapelketak daude, eta bestetik, egiten ditudan bidaiak eta blogean igotzen ditudan bideoak. Alde horretatik, nire babesleak ere oso gustura daude. Horrez gain, elkarte solidarioekin elkarlanean ari naiz.
Proiekturik ba al duzu esku artean?
Abuztuaren 29an eta 30ean
Kind Surf erakundearekin ekimen polit bat egingo dugu Zarauzko hondartzan. Elkarte honek gizarte-bazterketa pairatzen duten haurrekin egiten du lan, eta ekimen honen bidez, surfa terapia bezala erabiltzen dugu. Azken finean, ongi pasa dezaten. Aurretik Valentzian (Herrialde Katalanak) izan ginen, aste honetan Bartzelonan egin dugu eta abuztuan Zarautzen. Horrekin batera, erakusketa berezi bat antolatuko dugu Balentziaga museoan. Munduko surflari ezagunen —
Kelly Slater eta
Lisa Andersen, besteak beste— taulak margotuko dituzte nazioarteko artistek, eta erakusgai jarriko ditugu. Nire taula, esaterako, Pedro Txillidak margotuko duela esan didate.