Bailarako garapen agentziak batu, eta Iraurgi Berritzen marka sortu dute

Ane Olaizola 2013ko uztailaren 17a

Jesus Agirre, Eneko Etxeberria, Begoña Beobide, Jon Uriguen, Itziar Abarisketa eta Pello Bastarrika, gaur markaren aurkezpenean. (Ane Olaizola/Hitza) Hiru izan dira azken urteetan garapen ekonomikoaren alorrean bailaran lan egiten duten erakundeak: Iraurgi Lantzen, handik sortutako Ezagutzea Gunea eta Loiola Berrikuntza Fundazioa. Egoerak sor zitzakeen bikoiztasunak saihesteko, eta egoera sozioekonomikoari modu bateratuan aurre egiteko, bailarako garapen agentziak fusionatu egin dira, eta Iraurgi Berritzen garapen agentzia sortu dute. Gaur aurkeztu dute marka berria Begoña Beobide Loiola Berrikuntzako zuzendariak, Jon Peli Uriguen Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismoko diputatuak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak, Pello Bastarrika Azkoitiko alkateak, eta Jesus Agirre Iraurgi Lantzeneko zuzendariak, orain arte Loiola Berrikuntza Fundazioarena izan den egoitzan. Etxeberriak adierazi duenez, krisi ekonomikoa izan da erakundeak bat egitera eraman duen arrazoietako bat. Izan ere, esan du egungo egoeraren ondorioz udalek eta herritarrek gero eta zailtasun eta behar gehiago dituztela aurre egiteko. «Zailtasun ekonomikoak errepikatzen joango dira». Hain zuzen, gogorarazi du Loiola Berrikuntza Espainiako Gobernuaren diru laguntza jaso gabe geratu zela iaz, eta horren ondotik epaitegietara jo zutela. Hala, fundazioak aurre egin ahal izateko, 100.000 euroko laguntza jaso du Aldundiaren eskutik. Hain zuzen, marka aurkeztearekin batera, hitzarmena sinatu dute gaur udaletako eta Aldundiko ordezkariek. Irudian, diru laguntzen inguruko hitzarmena sinatu dute aldundiak eta udalek (Ane Olaizola/Hitza) Bide eta erronka berriak Orain arte bailararen garapenerako hainbat funtzio bikoiztuta zegoela aipatu du Azpeitiko alkateak, eta horrek herritarren artean «nahasmena» sortzen zuela gaineratu. Hori saihesteko asmoz sortu dute Iraurgi Berritzen erakundea, eta aurten egin duten bezala, aurrerantzean kudeaketa plan bateratua egingo dute ordezkariek. Zuzendaritza bateratua izango du agentziak, eta lana errazteko, erabaki dute hainbat eskumen udalak hartuko dituela aurrerantzean; Munoaundi eta taxi eta garraio zerbitzuak dira horietako batzuk. Garapen ekonomikotik harago, gainera, beste arlo batzuetara zabaltzeko asmoa dute; hala nola, landa garapenera eta kultura arlora, eta lan horretan «hainbat eragilek» eragingo dute. Etxeberriak nabarmendu du agentzien bateratzeagatik ez dutela murrizketak aurreikusten. «Sinergiak batu eta zuzendaritza modu bateratuan integratzea da gure asmoa». Are gehiago, ez dute baztertzen langile kopurua eta aurrekontua igotzea hurrengo urteetan. Erronka berriak ere badituzte eskuartean; hala nola, dibertsifikazioa sustatzea, enplegu zentroa zabaltzea, eta inkubagailu industrialak jorratzea dute helburu. Uriguenek, bere aldetik, begi onez ikusi du agentzien bateratzea, jakin badakielako «bailaran hiru garapen agentzia egoteak ez duela zentzurik etorkizunera begira». Fusionatzea Aldundiaren estrategiarekin lerrokatuta dagoela adierazi zuen diputatuak, elkarlana «ezinbestekoa» delako. «Ikastetxeek, erakundeek, administrazio publikoak nahiz sindikatuek sinergiak aprobetxatu beharra dute aurrera egiteko», azaldu du. Hitzarmenari dagokionez, berriz, «garai gogorretan laguntzeko moduan» egotea espero dutela adierazi du. Bastarrikak, bere aldetik, marka berriaren logoa fusioaren izaerarekin bat datorrela azaldu du. «Indar metaketak eragingo duen seriotasuna irudikatuko du». Iraurgi Berritzen-en logoak «ahalik eta elementu gutxien» du, «soberakinak ekiditea» islatu nahian. Kolore gorriz eta grisez, izenaren inizialak irakur daitezke, eta ‘b’ hizkiak hiru zenbakiaren antza du. Hiru agentzien bateratzeari erreferentzia egiten dio. Topaketak, ekarpenetarako Iraurgi Lantzenek antolatuta, XI. Kudeaketa Topaketak egin dituzte gaur, eta arduradunek han aurkeztu dute marka berria, bertaratu direnen aurrean. Bailarako 17 enpresatako eta bost ikastetxeetako ordezkariek eta Azkoitia eta Azpeitiako zinegotziek eta alkateek hartu dute parte, eta bertan aurkeztu dute Urola Erdiko egoera sozioekonomikoa. Era berean, horri aurre egiteko prestatu duten sustapen ekonomikorako plangintza azaldu dute, hango eragileekin kontrastatu eta ekarpenak jasotzeko. Agirrek eta Beobidek nabarmendu dute egitasmoaren bidez «kapital sozial sendoa» sortu dutela urtez urte bailaran, eta «aintzindaritzat» jo dute hori. «Topaketen bidez konfiantzazko harremanak sortu ditugu, eta lankidetzarako bideak sustatu, bailara indartsuago eta ongizate maila altuagoa sortu dezagun», adierazi du Beobidek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide