ZAEko kideak eta Karmele Alberdi Zarauzko Turismo zinegotzia, Zarauzko moilan. Amaia Ventas
Zarautz Arraun Elkarteak moila biziberritzeko hainbat ekimen antolatu du udarako, Zarauzko Turismo Bulegoarekin elkarlanean. «Batzorde berria osatu genuenean, Zarautzen arraun giroa izatekotan, moilan behar zuela izan adostu genuen», adierazi du ZAEko kide Gaizka Garmendiak. «Azken urteotan moila nahiko triste dagoela eta, hainbat ekintza antolatzea erabaki dugu hainbeste maite dugun leku hau indartzeko».
Datorren larunbatean, hilaren 27an egingo dute lehenbizikoa: Moilako Lagunarteko I. Estropada. Zumaia, Pasaia, Hondarribia eta beste hainbat tokitan egiten den antzera, koadrilen arteko proba izango da, «jai giroan» eta «lehiarik gabea», adierazi du ZAEko Aitor Jauregik. «Inoiz arraunean jardun ez dutenek probatzeko aukera izango dute horrela». Horretarako garai batean Zarauzko Ikurriñan barruko ziabogak emateko erabiltzen ziren koloretako lau batelak egokitu dituzte ZAEkoek.
Ontzi bakoitza lau lagunez osatuta egongo da—neska zein mutil, patroia barne— eta horiek moilatik Alle-Puntara joan-etorria egin beharko dute, biko txandetan. Lehiakorra ez bada ere, sariak banatuko dituzte estropadaren ostean. Irabazleek Zarauzko estropadetan katamaranean itzulia egiteko aukera izango dute. Jai giroarekin jarraitzeko, sardina jana, edariak eta trikitilariak izango dira gerora Aiten Etxe jatetxearen pareko parkean. Horrekin arraun giroa herritarrei gerturatzea izango da ZAEren asmoa.
Oraindik ordutegia ez dute zehaztu. Hala ere, goiz eta arratsaldez izango dela aurreratu du Jokin Aramendi arraun elkarteko kideak. Hori parte-hartzaileen arabera finkatuko dute. Antolaketa egokia izan dadin izena eman beharko da aurrez Turismo Bulegoan, hilaren 22a bitartean. Hogei euro sartu beharko dira Euskadiko Kutxako 3035 0029 6602 9001 8426 kontu korrontean, eta ziurtagiria aurkeztu bulego horretan. Behin hori eginda, moilan dauden batelekin entrenatzeko aukera izango da.
Bestalde,
Emakumea Arraunlari egitasmoan parte hartzen duten 40 neskek arraun erakustaldia eskainiko dute abuztuaren 3an. Azken hilabeteetan astean bitan elkartu, eta Oria ibaian eta tarteka itsasoan aritzen dira arraunean. Ikasitakoa erakusteko bi traineru moilara eraman, eta azken erakustaldia eskainiko dute, itsasoa lagun badute. Eguraldi txarra eginez gero, Aian duten lokalaren aldamenean izango da, Orian. Amaieran, bazkaria egingo dute.
Kukaña eta batelen alokairua
«Herrian ikaragarrizko ilusioa sortu duen kukaña berreskuratuko dugu abuztuaren 8an eta 22an», iragarri du Garmendiak. «Guztiok gogoratzen dugu txikitan nola aritzen ginen kukañan, eta horren inguruan sortzen zen jai giroa eta jendetza», dio Aramendik. 16 urtetik beherakoek hartu ahalko dute parte, doan. Muturrean banderatxoa jarri eta horietako gehien biltzen dutenek ZAEko materiala eskuratuko dute, sari gisa. Marea gora aprobetxatuz, 17:00ak inguruan izango da. Hala ere, aurrerago zehaztuko dute ordua.
Azken ekitaldiak, berriz, abuztuaren 15ean, 17an eta 18an izango dira, emakumezkoen zein gizonezkoen Zarauzko estropadak. Lehenbiziko egunean, Ama Birjinaren Egunean, KAE ligako zein Gipuzkoako Ligako estropadak jokatuko dituzte, eta Zarauzko bi traineruk hartuko dute parte. Abuztuaren 17an zein 18an, berriz, egingo dituzte Euskotren eta San Miguel ligako probak. Hiru estropadak EITBk emango ditu. Garmendiak Zarauzko Udalari eta Turismo Bulegoari eskerrak eman dizkie, aurten ere Zarauzko Estropadak bi egunetan izan daitezen egindako ahaleginagatik.
Egun horietan ZAEk dendatxoa jarriko du elkarteko materiala saltzeko. Horrez gain, zozketa «bitxia» ere egingo dute: munduko edozein tokitara joan- etorria egiteko hiru hegaldi zozkatuko dituzte. Hori ZAEren babesle berriari, Turkish Airlines konpainiari esker izango da posible.
Zarautz Arraun Elkarteko bazkideei doan banatuko dizkiete zozketako txartelak.
«Egun horretan herritarrak elastiko zein lepoko urdinekin etortzea nahiko genuke, eta balkoiak ere bandera urdinekin atontzea. Badakigu enbata ez dabilela aurreko urteetan bezain ondo, eta maila apalago batean ari dela lanean, baina ZAEko neska-mutilek animoak berdin-berdin beharko dituzte», esan dute.
Berrikuntza gisa, batelak alokatu ahalko dira udan. Koadrilen arteko estropadan baliatuko diren lau ontziak ordubetez erabili ahal izango dituzte 16 urtetik gorakoek—18 urtetik beherakoek gurasoen baimena sinatuta aurkeztu beharko dute—. Segurtasuna bermatzeko, telefonoa zein sokak eraman beharko dituzte erabiltzaileek, eta arraunean ez dakitenei gomendioak emango dizkie Kike Unzurrunzaga ZAEko zuzendaritzako kide ohiak. Beti ere, itsasgora denean erabili ahalko dira, eta gehienez lau kidek joan ahalko dute batel bakoitzean. ZAEko kideek 10 euro ordaindu beharko dute, zarauztarrek 15 euro, eta gainontzekoek 25 euro. 636-85 11 38 telefonora deitu beharko da eskaera egiteko.