(Argazkia: Amaia Ventas/Hitza)
Bizitza bizia darama Hodei Iriartek (Zarautz, 1994). Zortzi egunez ballet klasiko eskolak ematen jardungo du Zarauzko Gabota dantza ikastegian, eta abuztuaren 2an itzuliko da Gdanskera (Polonia), oporralditxoaren ostean. Dantzaria da bertako Baltycki Teatr Tanca konpainian. Abuztuaren 18an ikuskizuna eskainiko du kideekin batera, eta gero biran murgilduko da. Ekainera arte etengabe jardungo du lanean nazioarteko hainbat agertokitan.
Noiztik datorkizu dantzarekiko zaletasuna?
Uda batean Miarritzen (Lapurdi) Parisko dantzari batzuen ikuskizuna ikusteko aukera izan nuen, izugarria. Eta neure buruari erronka jarri nion: horrela dantza egiten ikastea. Hala, 7-8 urterekin hasi nintzen dantzan Irungo eskola batean, eta hiruzpalau urte egin nituen bertan, Guadalupe Aranaren eskolak jasotzen. Gerora Donostiara joan nintzen, eta lau urtez ikasi nuen han. Azken urtean irakasleak Madrilgo kontserbatoriora sartu ahal izateko prestatuko ninduela esan zien gurasoei. Eta hala egin zuen.
DBHko laugarren mailan nengoela, egunero-egunero joaten nintzen Donostiara, Madrilgo Mariemma Errege Dantza Kontserbatorio Profesionalera joan eta dantza munduan buru-belarri hasteko prestatzeko. Ekainean egin nuen proba. Berez sei urteko karrera izaten da, baina nik zuzenean hirugarren mailan sartzeko azterketa egin nuen. Onartu egin ninduten, eta irailean joan nintzen Madrilera bizitzera. 15 urte nituen. Goizez dantza eskoletara joaten nintzen, eta arratsaldez, berriz, selektibitate proba prestatzen nuen.
Seigarren mailan, azken urtean, hurrengo urtean zer egin pentsatzen hasi nintzen. Dantza konpainiatan sartu ahal izateko esperientzia eskatzen dute, baina ez bazaituzte inon kontratatzen nola pilatu esperientzia? Hori dela eta, urtarrilean probak egiten hasi nintzen Munichen (Alemania), Hagan (Herbehereak)... Ez ninduten inon hartu. Otsailean Poloniara joan nintzen proba bat egitera. Itzuli eta hiru egunetara
email bat jaso nuen, hiru hilabeterako kontratatu nahi nindutela jakinarazteko. Martxoan iritsi nintzen bertara. Hiru hilabete igarota, kontratua 2014ko abuztuaren 31ra arte luzatuko zidatela esan zidaten; denboraldi osorako, alegia.
Atzerrira joan izan zara probak egitera. Espainian ez al dago aukerarik horretarako?
Ez dago, ez. Madrilen konpainia nazionala badago, baina ez dago egoera onean. Dantzariek lan baldintza kaskarrak dituzte. Polonian artearekiko zaletasun handia dute, eta dantza arte gisa ulertzen dute. Beste maila batean.
Hala ere, nire ustez munduko dantzari onenak espainiarrak dira, errusiarrekin eta kubatarrekin batera. New Yorken, San Franciscon... Edozein konpainiatan gorengo postuetan dantzatzen duten espainolek. Baina atzerrira joan behar izaten dute.
Zer moduz bizi zara Polonian?
Hotza handia egiten du. Gdansken bizi naiz, iparraldean, kostan. Asko eskertzen dut itsasoa gertu izatea. Jendeari dagokionez, oso itxia da. Poloniera ikasteko eskolak jasotzen ditut astelehero. Asteartetik larunbatera, berriz, dantza egiten dut, 10:00ak eta 21:00ak bitartean.
Hiru hilabetean konpainiako antzokian bizi izan naiz, beste sei dantzarirekin. Orain pisu batera aldatuko naiz. Konpainiak, gainera, diru laguntza emango dit horretarako. Gustura bizi naiz. Inoiz ez nuen pentsatu hortaz biziko nintzenik. Ez naiz damutzen egin dudan ezertaz.
Mundu lehiakorra al da dantzarena?
Dantzari baten ibilbidea motza da. 30 urterekin dagoeneko bukatu egiten da; gorputzak ez du gehiago ematen. Hala ere, oso bizia da dantzarien bizitza. Horregatik ideiak oso argi izan behar dituzu, eta zorrotza izan. Helburuak finkatu eta horiek lortzeko gogor lan egin.
Hori dela eta, mundu lehiakorra da oso. Eta nesken artean are gehiago. Izan ere, neska dantzari ugari daude. Guztiek hanka luzeak izan behar dituzte, argalak eta arinak izan...
Zer da mutil dantzari batean eskatzen dutena?
Gehienbat indartsua izatea, baina beste ezaugarri batzuk ere baloratzen dituzte. Munichen, esaterako, altueragatik ez ninduten hartu, baxuegia—metro bat eta 78 zentimetro neurtzen ditu— nintzelako.
Dantza ez da kirola, artea da. Baina azken urtetan gainbehera etorri da. Konpainia askok zirkoa nahi dutela dirudi, salto eta
pirueta edo artazi ugari. Garai bateko dantzariak, ordea, artistak ziren. Mijaíl Barýshnikov kasu. Eskenatokira atera eta bere mugimenduak, emozioak... Hori artea zen. Egun gimnasia dela dirudi.
Horrez gain, burua izan behar da.
Bai, hori da niri gehien esaten didatena, azkarra naizela. Koreografoen azalpenak azkar harrapatzen ditudala. Horretarako zure gorputzaren kontrol handia izan behar duzu. Dantzan ari zarenean benetan nola zaren erakusten duzu, eta heldutasunik ez baduzu, igarri egiten da. Nagikeriak ez du existitzen.
Zein da zure hurrengo ametsa?
Ez daukat behin-behineko ametsik. Haurra nintzenean Madrilera joatea zen nire ametsa, kontserbatorioan dantza ikastera. Gerora, konpainia batean sartzea eta denboraldi baterako kontratua lortzea. Urtebete edo bi urte barru beste pauso bat harago eman nahiko nuke; hazi, dantzari bezala. Beste leku batera joan. Oraingoz, ordea, ahalik eta gehien dantza egitea da nire helburua. Hori betetzen dudanean hurrengo ametsari helduko diot, pixkanaka-pixkanaka.